Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zazpi herrialdeetako bi bertsolari onenak lehiatuko dira Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. 5. aldiz jarraian, Altsasuko Burunda pilotalekuak hartuko du lehiaBertsolari elkarteko prentsa arduradun Xabi Payak eta Altsasuko Udaleko kultura zinegotzi Iñaki Miguelek XXI. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa aurkeztu zuten asteazkenean. Goi mailako txapelketa iragarri zuten larunbaterako, izan ere, zazpi herrialdeetako bertsolaririk onenak igoko dira Altsasuko Burunda pilotalekuko oholtza gainera. Goizez nahiz arratsaldez, bertsolaritzaz gozatzeko aukera paregabea izanen da musutruk. Goiz eta arratsaldezBi kategoriatan lehiatuko dira gazteak: 14 urteko artekoen mailan eta 15-18 urtekoenean. Maila batean nola bestean, herrialde bakoitzeko bi bertsolari onenak sailkatu dira Euskal Herriko finalera. Denera, 27 bertsolari gazte igoko dira oholtza gainera, nor bere inguruko errealitate eta euskalkiarekin. Euskal Herriko aniztasuna agerian geratuko da Burunda pilotalekuan. Goizeko 11:00etan emanen diote hasiera txapelketari 14 urtetik beherakoek. 14 gaztetxo lehiatuko dira txapelaren bila, herrialde bakoitzetik bi. Hauexek izanen dituzte eginbeharrak: gai baten inguruan hasierako bertsoa; lau oinak emanda, zortziko txikian bertso bana; eta binaka, ofizioko gaian, bina bertso zortziko txikian. Horren ondoren, 6 bertsolarik eginen dute aurrera eta haien egitekoa hauxe izanen da: hitza emanda bertso bana zortziko txikian edo handian; binaka, ofiziotako gaian, bina bertso zortziko handian eta; azkenik, agurreko bertsoa. Goizeko saioaren ondoren, Zelandiko pilotalekuan bazkaltzera bilduko dira guztiak. 15:30etik aurrera, 15-18 urtekoek hartuko dute txanda. 13 bertsolari igoko dira oholtza gainera, eskola gaztea izanik, ordezkari bakarri bidali baitu Zuberoak. "Laster 14 izatea espero dugu" adierazi zuen Xabi Payak. Haien egitekoa hauxe izanen da: agur bana kantatzea; binaka, ofizioko gaian, bina bertso zortziko handian; eta, binaka ere, hiruna bertso zortziko txikian. Horien ondoren, epaimahaiak aurrera 6 pasaraziko ditu eta haiek, kartzelako lanean, puntuari erantzun eta gaia emanda, 2 bertso kantatu beharko dituzte, agurraren aurretik. 17:30 alderako espero du antolakuntzak sari banaketa egitea. Bertso eskolen lanaren akuiluTxapelketaren maila nabarmendu zuten antolatzaileek. Gaztetxoak izanagatik, lan ederra egiten dute bertsolariek. "Gaur egun txapelketa nagusian lehiatzen diren bertsolariak eskolarteko txapelketatik pasatakoak dira" adierazi zuen Payak. "Txapelketak agerian uzten du oso gazte hasi daitekeela bertsotan" gehitu zuen. Urtean zehar bertso eskolek eta ikastetxeek egiten duten lanaren akuilu izan nahi du txapelketak.