Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Burunda Txirrindulari Klubak antolatutako XIV. Mendi Txirrindularitza Zeharkaldia arrakastatsua izan zen oso. 1.053 txirrindularik hartu zuten irteera antolakuntzak prestatutako 43,5 kilometroko ibilbideari aurre egiteko, 800 metroko malda zuen eta gogortasun aldetik ertaina-zaila zen proba osatzeko. Beroa izan zen protagonista, goizean goizetik gogor jo baitzuen, baina Foruen plaza betetzen zuten mila txirrindulariek gogotsu ekin zioten bideari. Gehienak Euskal Herrikoak ziren, baina baziren Madrid edo Zaragozatik hurbildu zirenak ere. Berritasun moduan Gipuzkoan sartu zen ibilbidea, 20 kilometro pasa bertan osatuz. Hain zuzen ere Altsasuko kuartel atzekaldetik, Zapardi pistatik, Urdalurgo uharkarako bidera heldu ziren txirrindulariak, handik gora jotzeko. Gipuzkoako Txorrokopunta igo zuten ondoren, eta bertan izugarrizko hornidura gunea jarri zuen antolakuntzak, Aitzgorri, Aratz eta Altzania mendien bista paregabea zuela. Aurten probako arduradun lanetan estreinatu den Julian Claverrek azaldu duenez, beroaren eraginez txirrindulari gehienek likidoa eskatzen zuten, eta 1.400 pertsonarendako hornidura ziurtatuta zegoenez, nahi adina jan eta edateko aukera izan zuten guztiek. Proba ez-lehiakorra denez, antolakuntzak ez du sailkapenik igortzen, baina Altsasuko helmugara iritsi zen lehenengoak ordu bat eta 42 minutuko denbora behar izan zuen lana egiteko, eta haren segidan heldu ziren gainerakoak. Azkena 80 urteko gizon bat izan zen, 4 ordu eta 20 minutu behar izan zituena. Aipatzekoa da ez zela aparteko ezustekorik gertatu. DYA Sakanak 15 pertsona artatu zituen, gehienak urradura eta zauri txikiekin, nahiz eta gizon bat Bideko Ama Hospitalera eraman zuten, polikontusioekin eta sorbaldako balizko luxazioarekin. Nolanahi ere, helburua bete zen; txirrindulari andana bildu baitzen bertako paraje ederretan bizikletaz disfrutatzera. Antolakuntza bikaina izan zen, 100 pertsona pasa ibili ziren lanean igandean. Julian Claver arduraduna kontentu zegoen zeharkaldiak izandako arrakastarekin eta aurtengo ibilbide aldaketarekin. "Tramite eta baimen ugari eskatu behar izan ditugu, baina merezi izan du, jendeari asko gustatu zaiolako ibilbide berria" adierazi du. Parte-hartzaileak iritzi berekoak ziren eta oso balorazio ona egin zuten Nafarroan proba beteranoena den Altsasuko zeharkaldiaz. Guztiendako oroigarriak izan ziren eta antolakuntzak bizikletarekin lotutako materiala zozketatu zuen.