Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Recindsa eta Sunsundegiko enpresa batzordeek deitutan domeka arratsaldean mila pertsonak manifestazioa egin zuten Altsasun. Kaleratzeen kontrako protestaldia deitu zuten bi lantegi horietako langileek. Bukaeran adierazi zutenez, "langileak ekonomia mugitzen dugunak bagara ere, krisi garaian gugatik inork ez du ezer egiten". Sunsundeguin langileek ostiralean erabaki zuten astearte, asteazken eta ostegunean lan uzteak eginen dituztela eta, egoerak bere horretan jarraitzen badu, 25etik aurrera greba mugagabea eginen lukete. Zuzendaritzak aurkeztutako enplegu erregulazio espedientearen (EEE) kontra azaldu dira langileak. Han jasotzen denez, 77 langile kaleratuak izanen lirateke eta 113ri aldi baterako kontratua etengo litzaieke (urte bukaerara arte 67 egun). Aldeak bihar biltzekoak dira. Recindsa enpresako 69 langile maiatzaren 21az geroztik daude greban. Otsailaz geroztik, konkurtso legearen pean dago enpresa. Langileek azaldu dutenez, "ekoizpena Iurretako lantegira deslokalizatu dutelako itxiko da lantegia". Biharkoan zuzendaritzarekin bilduko dira, "agian, kalte-ordainak negozia daitezke. Duina eta justua izanen ez den irtenbide baten alde borrokatzea, besterik ez daukagu".