San Joan suetarako harea

Guaixe 2009ko ekainaren 15a

Altsasuko Udalak bando bidez jakinarazi du ostirala bitartean dagoela udaletxean harea eskatzeko epea zabalik. Hala egin beharko dute herri gunean sua egin nahi duten guztiek. Neurri horrekin herriko kaleetako zoladurak ez izorratzea lortu nahi da. Bestalde, Altsasuko Udalak ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eginez su on bat egiteko hainbat aholku eman ditu. Lehenik, basoan haizeak botatako abarrak nahiz zuhaitzak eta baso lanetan moztutako sasiak biltzea, lehorrago daudenez, errazago hartuko baitute su. Sasi edo zuhaixkaren bat moztu beharrez gero ebakiak ahalik eta garbien egitea eskatu du udalak, gaixotasunek erraz jo ez dezaten. Sahats adarrak moztuko dira, eta soilik ugariak diren tokietan. Beste espezieetako zuhaitzak ez kaltetzeko deia egin du udalak, baita opatzen diren adar eta sasi lehor guztiak erabiltzeko ere.