Diru-laguntzarik gabe egiten ari da lana udala. Erkuden eta San Joan ermiten jabetza beretzat eskatzen du udalakAltsasuko Udalaren obretako lantaldea Erkudengo ermitako teilatua berritzen ari da. Lan horiekin teiladura erortzea eragotzi nahi du udalak, itajura ugari eta egitura arazo handiak baititu. Batez ere estalpeak. 1797ko egitura hori ia erabat berritu da eta horretarako San Joan ermitako habeak erabili dira. Lata aldatu da, isolatzailea jartzearekin batera teilak jarri dira.
Arrisku egoerak eragotziko dira udalak egindako lan horiekin, baina lan handiagoak behar ditu ermitak bere onenean gelditzeko. Horregatik, udalak Kultura Departamentuan teilatu guztia berritzeko diru-laguntza eskatu zuen, baina atzera bota zioten. Aurrekontua 107.000 eurokoa zen. Behar beharrezkoena udalak bere kabuz egin du orain.
Jabetza
Erkudengo eta San Joan ermitetako jabetza erregistratu gabe daude. Udalak bereak direla defendatu du eta diozesiarekin harremanetan jarri zen. Artzapezpikutza San Joan eta Erkuden ermiten jabetza udalari emateko prest azaldu zen, "baldin eta bere erabilera tradizionala, soilik erlijiosoa, ziurtatzen bada edo, bestela, herriko parrokoak onartuak. Erlijioaren desohorea edo irainak dakarten ekintzak ez dira onartuko". Horren ondoren, artzapezpikuaren idatziak dio: "ermitak udalaren jabetzakoak lirateke eta parrokia usufruktua eginen luke."
2006an udala ez zen baldintza horiekin ados agertu. Udalaren ustez "espazio bat publikoa bada, publikoa da; eta pribatua bada, pribatua". Bere interesen defentsa hobea egiteko, udala Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kide egin zen.