Sunsundeguiko langileek mobilizazioak hasi dituzte

Guaixe 2009ko ekainaren 17a

Aurreko ostiralean Sunsundeguiko langileek mobilizazioak hastea erabaki zuten (120 alde, 98 kontra). Horrekin batera, langileek haien ordezkariei agindu zieten ez negoziatzeko zuzendaritzak 77 kaleratze ekarriko lituzkeen enplegu erregulazio espedientea mantentzen duen bitartean. Ostiralean langileek mobilizazio egutegia ere zehaztu zuten. Domekan bertan, Recindsako langileekin batera, manifestazioa deitu zuten. Mila pertsonak parte-hartu zuten orduan. Gaurkoan, lantegitik udaletxera bitartean manifestazioa egin dute langileek eta hainbat herritarrek. Eta, biharkoan, Urretxun eginen dute manifestazioa, enpresaren kudeatzailearen herrian. Berririk ez badago, hilaren 25etik aurrera greba mugagabea hasiko lukete langileek. EgoeraAsteartean enpresa batzordeak prentsaurrekoa eman zuen egoeraren bere ikuspegiaren berri emateko. Esan zutenez, "arazo nagusiena hornitze apartatuko diru xahutzea da, enpresen kontuen %70a hartzen duena". Azaldu zutenez, "iaz autobusen produkzioa %11 igo zen eta hornitzea, berriz, %14. %3ko alde hori erosketan gestio faltaren ondorio da". Salatu zutenez, departamendu horrek ez du zuzendaririk eta izan duenean, "batzuetan, hobekuntzak izan dira". Langileendako arazoa lanak beste enpresa batzuei ematea da;  "externalizazioa" deritzona, alegia. Nabarmendu zuten "Sunsundeguik galerak dituen bitartean, subkontratatuek irabaziak dituztela". Aldi berean, "gure enpresatik besteetara materialeen eta herraminten horniduraren kontrol eza" ere salatu zuten. Sunsundeguik lan horiek egin zitzakeela azpimarratu zuten. Arazoak "konpongarriak" direla eta enpresa "bideragarria" dela salatu zuten langileek. Bideragarritasun planaPrentsaurrekoan langileen ordezkariek azaldu zuten bideragarritasun plana aurrera eramateko zuzendaritzak proposatu zuen: hiru extrari uko egitea; bi urterako soldata izoztea, EEE eta produktibitatea igotzeko kronometrajeak eta operazio guztiak betetzea agindu duela. Langileen iritziz "bideragarritasun planak lan eskubideen galerarekin ez du loturarik, eta erregulazioa lan kargarekin dago lotuta". Azaldu zutenez, enpresaren langile gastuak %18 dira. Langileen ordezkariek esan zutenez, "edukirik gabeko intentzio adierazpena da" bideragarritasun plana. Gaineratu zutenez, "ez ditu lanpostuak bermatzen". Nafarroako Gobernuaren laguntza "ezinbestekotzat" jo zuten, baina, aldi berean, langileek eskatu zuten "bideragarritasun planaren Jarraipen Batzordea sortzea eta hartan Langileen Batzordeak parte-hartzea", "eskualdearen etorkizuna bermatzeko".