Selektibitatea: 54tik 48k gainditu dute

Guaixe 2009ko ekainaren 18a

Aurreko astean egin zuten unibertsitaterako sarbidea ematen duen azterketa Sakanako 56 ikaslek. Haietatik 48k proba gainditzea lortu dute. LOGSE ikasketa ereduarekin egin duten azken ikasleak dira. Aralarko Mikel Donea institutuan D ereduan ikasketak egin zituzten 43 ikasleetatik 40k gainditu dute selektibitatea. Iruñeko Biurdana institutuan Arakil aldeko ikasleek ere ikasten dute D ereduan. 6tik 4k gainditu dute proba eta beste biak ez dira aurkeztu. A ereduari dagokionez, Altsasuko institututik 5 ikasle joan ziren Iruñera proba egitea eta batek ez beste, guztiek gainditu zuten.  Lortutako notekin ados ez dauden ikasleek 3 egun dituzte erreklamazioak egiteko. Hala egiten bada, beste irakasle batzuek berriro zuzenduko dute azterketa eta emaitza hilaren 24an jakinaraziko lukete. Bestela, irailera (14, 15 eta 16) itxaron behar. Baina Bolognako prozesua dela eta, Europako unibertsitate ikasketak bateratu behar dira, eta horrek sarbide probetan ere aldaketak ekarriko ditu datorren urtetik aurrera. Selektibitateko probako emaitzak ikaslearen espedientean %40 balio du, eta ikaslearen ikas ibilbideak %60.