Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean Recindsako langileek jakinarazi zuten lantegiko atean haien lanpostuen defentsan 29 egun pasa eta gero greba bertan behera utzi zutela, eta kalean bukatzen zutela. 58 emakume eta 11 gizon dira langabezian gelditu direnak. Lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina jasoko dute eta zuzendaritzak lantegia salduz gero 3 egun gehiago kobratuko lituzkete. Zordun guztiei ordaindu ondoren dirua geldituz gero hura ere langileen artean banatuko omen litzateke. Langileek aurreko ostegunean erabaki zuten greba bertan behera uztea. Pasa den, astean izandako bi bileretan ez zen ezer aurreratu. Zuzendaritzak lantegia ixteko asmoari eutsi dio. Gauzak horrela, "apurrekin" gelditzea erabaki zuten langileek. Hori bai, 50 urtetik gora dituzten 6 pertsonak hilaren 25era arte lanean dira, lantegia husteko prestatzen.Langileen iritziz "lana badago, topera ibili gara lanean azkenaldian. Baina zuzendaritzak Iurretara deslokalizatu du". Aldi berean, Recindsako langileak oso kritiko azaldu ziren Nafarroako Gobernuarekin: "non dago halako lotsagabekeriarekin enpresak ixtea baimentzen denean?" Industria kontseilariak esku hartu ez izana ere kritikatu zuten langileak. Otsailaz geroztik, konkurtso legearen pean dago enpresa. Abenduan langileei eragiten dien enplegu erregulazio espedientea (EEE) jarri zen indarrean. Urte bateko epean 90 eguni eragiten zien, baina 20 besterik ez zituzten erabili. Recindsak duela 22 urte zabaldu zuen bere lantegia Altsasuko Ondarria industrialdean. Kataforesis taldeko lantegia da.