Giro paregabea Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketan

Guaixe 2009ko ekainaren 22a

Euskal Herriko 7 lurraldeetako bertsolariek eta haien ikaskide, irakasle eta gurasoek ederki bete zuten larunbatean Altsasuko Burunda pilotalekua. Ikastolen Konfederazioak eta Bertsozale Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko XXI. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatu zen bertan. Ortzi Muruak bikain azaldu zuen bertsolarien helburua: "zazpi herrialdeak ordezkatuaz etorri gara horrela / ta zoritxarrez batek bakarrik eramango du txapela". 14 urtetik beherakokoak lehiatu ziren goizean eta 15-18 urtetakoak arratsaldean. Gaztetxoen arintasuna nabarmendu zuten epaimahaikideek. Arratsaldean, berriz, motelago ibili ziren bertsolariak, baina baita seguruago ere. Kategoria batean nola bestean, maila ederra eman zuten bertsolariek. Ekitaldiaren amaieran argitu zituen epaimahaiak txapeldunen izenak: gaztetxoen mailan Ortzi Murua azkaindarra nagusitu zen eta handien mailan Ane Iturriotz urretxuarra. Horiek eraman zituzten txapelak, baina inor ez zen esku-hutsik joan etxera: gaztetxo guztiek bihotzean eraman zuten Altsasun bizitako esperientzia paregabea.