Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurten astelehenarekin dator San Pedro eguna, egun handia sakandar askorendako. Giroa berotzeko, Altsasuko Udalak bi kontzertu antolatu ditu astebururako. Vendettaren kontzertuak emanen dio hasiera asteburu luzeari, gaur gaueko 23:00etan. Igandean, San Pedro bezperan, 19:30ean, Burundako txistulariak igoko dira kioskora. Gaur gauean VendettaTalde erdi-sakandarrak emanen die hasiera San Pedro bezperako ospakizunei. Bere doinu alaiekin eta zuzeneko paregabearekin, dantzan jarriko ditu altsasuarrak gaur gauean, 23:00etatik aurrera, herriko plazan. Esperientzia handiko 5 musikarik osatzen dute ska taldea. Atsedenerako tartea hartu zuen Skalariak talde handitik datoz Javier Etxeberria gitarra-jolea eta Luisillo Kalandraka baxu-jole etxarriarra. Haien egitasmoarekin bat egin zuten Enriko Rubiñosek (bateria) eta Ruben Antonek (tronpeta). Pello Reparaz Arbizuko tronboi-jolea ere egitasmora batu zen. Boskoteak Vendetta diskoko 11 kantak eta bestelako bertsioak eskainiko ditu. Ska oinarri hartuta, rock, skinhead-reggae eta latin-corea estiloei ere lekua egin diete. Zuzenekotarako jaiotako musika, zuzenean. Igandean Burundako txistulariakAzken aldian ospakizuna non, han ditugu Burundako txistulariak. Esther Irisarriren omenaldiaren inguruan jaio zen taldea eta gerora ibilbide oparoa izan du. Burundako 15 bat txistularik osatzen dute taldea, betiko txistulariak batzuk eta musika eskolatik atera berriak beste batzuk. Taldeak ahalegin berezia egin du azken hauei lekua egiteko. "Musika eskoletan oso ongi lantzen da txistua, baina kalean galdu egin da" zioen Juan Pablo Urizarrek GUAIXEn egindako elkarrizketan. Guztien artean goi mailako kontzertua eskainiko dute igande arratsaldean, 19:30ean, Altsasuko plazan.