ETAren hilketa salatzeko kontzentrazioa

Guaixe 2009ko ekainaren 22a

Larunbat eguerdian 70 bat pertsonak Altsasuko udaletxe aurrean kontzentrazioa egin zuen. Pakea nahi dugu. ETA kanpora leloa zuen pankartaren atzean bildu zirenak ETAk Eduardo Puelles Garciaren Espainiako Poliziaren inspektorea hil izana gaitzetsi zuten, eta, aldi berean, haren senideei elkartasuna adierazi zieten. Udalak egindako deiari erantzun zieten guztiek. Ostiralean bildu zen Altsasuko Udaleko bozeramaileen batzordea eta NaBairen, UPNren, PSNren eta NEB-IUNren aldeko bozekin akordioa onartu zuten. Altsasuko Udalak, lehenengo eta behin, "guztiz deitoragarritzat" jo du ETAk Arrigorriagan burututako ekintza eta Eduardo Puelles Garciaren hilketa "ziztrina". Hildakoaren familiari doluminak adieraztearekin batera, elkartasuna azaldu zien udalak haren senide, lankide eta lagun guztiei. Altsasuko Udalak ostiralean hartutako akordioan "bizitza eskubidearekin eta beste giza eskubide guztiekin duen erabateko konpromisoa berretsi" zuen. "Deitoragarritzat" jo zuen "helburu politikoak nahiz bestelakoak lortzeko indarkeria" erabiltzea. ETAri zuzenduz Altsasuko Udalak esan zuen "erabiltzen dituen formula zikin eta faxisten bidez inoiz ez duela bere helburua lortuko".