Akordioa lortuta, enpresak urte bukaera arte kudeatuko ditu kirol azpiegiturak

Guaixe 2009ko ekainaren 25a

Altsasuko Udalak eta kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Nitram Pool enpresak akordioa itxi dute eta, horren arabera, enpresak urtea bukatu bitartean jarraituko du kudeaketarekin. Altsasuko Udala, bitartean, aztertzen ari da etorkizunean kirol azpiegiturak kudeaketa kapital publikoko enpresa baten bidez egitea. Altsasuko Udala eta Nitram Poolen arteko akordioa hilaren hasieran adostu da. Aurretik enpresak galerak zituela (108.046,04 euro martxo akaberan) argudiatu eta kudeaketa kontratuari uko egiteko asmoa azaldu zuen. Horren ondoren abiatutako administrazio tramiteen ondoren iritsi da bi aldeen arteko akordioa. AdostutakoaNitram Pool urte akaberara arte kudeaketaz arduratuko dela jasotzeaz aparte, akordioan jaso da udalak 100.000 euroko diru saila sortuko duela. Diru hori apiriletik aurrera Zelandiko kiroldegiko argindar eta bestelako horniduren ordainketak egiten ez badira pagatzeko erabiliko luke udalak. Horrela azpiegitura zabalik egonen dela bermatu nahi du. Kirol jardueren berri udalak emanen duela adostu dute aldeek. Irailetik aurrera atezainen kopurua 5etik 3ra pasako da, euskarazko arreta bermatuz eta fitness gelarako sarbide bat jartzea aztertuko da. Horretaz gain, heldu den urtetik aurrera bazkide egiten diren guztiendako matrikula kuota bat ezartzea erabaki da. Enpresak udalari hilero kudeaketa gastuen zerrenda eta ziurtagiria pasako dio, baita apiriletik eta abendura bitarteko balantzea ere. Zorrik balego udalak zerbitzu publikoa bermatze aldera ordainduko luke, baina aurreikusitako 100.000 euroak gainditu gabe. Bestalde, akordioaren jarraipena egin eta kirol azpiegituren kudeaketa egokia bermatzeko aldeek astero bilerak eginen dituzte. OrdutegiakAldeek adostutakoaren arabera ordutegian zenbait aldaketa egin dira. Hala garilean igerileku estaliak honako ordutegia izanen du: astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etatik 19:30era izanen da. Astearte eta ostegunetan, berriz, 10:00etatik 16:00etara. Garileko domeketan 10.00etatik 13:30era izanen da zabalik igerilekua. Agorrilean itxita egonen da igerilekua. Zelandiko frontoiak eta kiroldegiak ere ordutegi bera izanen dute. Burunda pilotalekuak orain arteko ordutegia izanen du. Irailetik aurrera Zelandiko igerileku estaliaren ordutegia honakoa izanen da: astelehenetik ostiralera 8:00etatik 21:30era; larunbatetan 9:00etatik 19:30era eta domeketan 9:00etatik 13:30era.