Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko astean 3 eguneko greba eta beste hainbat mobilizazio egin ondoren, Sunsundeguiko langileek atzokoan mugagabeko greba hasi zuten. Neurri horrekin langileek 77 kaleratze ekarriko lituzkeen enplegu erregulazio espedientea (EEE) kentzea eskatzen dute. Greba hasi bazuten ere, enpresa batzordeak (UGT 5, ELA 4, LAB 3 eta independente 1) deituta atzo 10:00etan langileen batzarra egin zen. Sindikatu bakoitzak egoeraren inguruan duen iritzia eman zuen eta, ondoren, mobilizazioekin jarraitzea edo ez erabakitzeko bozketa egin zen. 126 langilek negoziazioak hasi eta mobilizazioak etetearen alde agertu ziren. 113, berriz, mobilizazioekin jarraitzearen alde azaldu ziren eta bik zuri botatu zuten. SindikatuakUGT enpresarekin negoziatzera esertzearen aldeko jarrera azaldu du hasieratik, hori bai, zehaztu dute "kaleratze bat bera ere negoziatu gabe". Emaitza zein den jakin eta gero UGTtik adierazi digute gaur bertan lanera bueltatu direla langileak. UGTtik aurreratu digutenez, "enpresa batzordea gaur bilduko gara eta data bat zehaztuko dugu proposamenak aurkezteko". UGTk nahiko luke "guztien artean aldarrikapenak adostu eta bat eginda zuzendaritzarengana joatea". San Pedro dela eta jai egunak izanen dituzte enpresan eta biltzeko denbora beharko da.ELAek eta LABek mobilizazioekin jarraitzearen aldekoak ziren. Esan digutenez, "egoera berri bat zegoela esateko eta bozketa egiteko beldurra erabili dute. FEVErendako kontratua galtzeko aukera dagoela diote. CAFetik ez digute halakorik esan". Atzoko bozketari baiezkoa eman zioten enpresa batzordean, "bestela langileen sinadurak bildu behar baitziren hura egiteko eta ez genuen nahi gero horrek zerrenda beltzak sortzeko bidea ematea". Sindikatuetako ordezkariek onartu dute emaitza "estua" izan dela. Mobilizazioak hasteko erabaki hartu zen bilkuran ere halakoa izan zen emaitza. Orduan bezala, oraingoan ere parte-hartze handia izan da. Atzokoan 241 langilek eman zuten iritzia, lehenengoan 222k.