Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kaleko giro sargoritik ihesi, Gaiarre Antzokiaren babesean bildu ziren igandean Nafarroako zenbait musikari. VI. Errondailen Kontzentrazioak bildu zituen bertan. 12 talde igo ziren oholtza gainera, horietatik 11 lehiatzeko prest. Altsasuko Trasteando taldeak estreinakoz parte hartu zuen lehiaketan. Denetariko abestiak eskaini zituzten taldeek, pasodobleak, habanerak, jotak, zortzikoak edota inoiz falta ez diren Turrillas maisuaren piezak. Musika eskolatik irten berriak batzuk eta gitarra besapean zutela hezitako adinduak besteak, guztiek ere giro paregabea jarri zuten Iruñeko antzokian, haien gitarra, bandurria eta ahotsekin. Lehen saria AltsasuraAltsasuarren orijinaltasunak eta freskotasunak ahozabalik utzi zituen ikusleak eta epaileak. Poco a poco-Los mineros de Bolivia andetar abestia eskaini zuen lehenengo, perkusio eta guzti. Lehen abestiaren alaitasunak antzokia itzarri bazuen, are gehiago bigarrenak, Manolo Escobarren Poronpompero klasikoaren eta euskarazko Nor-Nori-Nork bertsioaren nahasketak. Ikusleen txalo zaparrada beroarekin amaitu zen altsasuarren emanaldia. Ikusleen artean arrakasta lortu bazuten, ez zen gutxiagorako izan epaimahaikideen artean: altsasuarrei eman zieten interpretazio musiko-bokal onenaren saria. "Sorpresa handia izan da guretako, kontzentrazioan parte hartzen genuen lehen aldia baitzen" esan digu pozik Olatzek. Azkoiengo Musika Eskolako gitarra taldeak jaso zuen interpretazio musikal onenaren saria, Gallito pasodoblea eta Rumba Catalá abestiei esker. Esperientzia berria18 lagunek osatzen dute gaur egun Trasteando taldea. 66 urte ditu helduenak, Genarok, eta gazteenak, Miren Aldasorok, berriz, 14 urte ditu. Hain zuzen, igandekoa izan zen gaztearen lehen kontzertua, debut ederra zalantzarik gabe. Gitarra eta ahotsa dira haien arma nagusiak, baina badituzte bestelako musika tresnak ere: cuatro venezuelarra, zeharkako flauta, kena eta perkusioa. Talde berezia da altsasuarra, musikak berak ez ezik, helburu sozialek markatzen baitute bere historia. "Esaterako, elkartasun kontzertua egiten dugu urtero Altsasun, arrakasta itzelarekin" azaldu digu Cruz Marik. Sakana da haien ohiko agertokia, baina Iruñerrira ere atera izan dira, kartzelara edo zahar etxetara esaterako. Bestelako agertokian abestu zuten joan zen igandean, Iruñeko Gaiarre antzoki mitikoan. Urte hasieran jaso zuten Errondailen 6. topaketan parte hartzeko gonbidapena eta erakargarria iruditu zitzaien. Espero ez zutena bertatik sariarekin itzultzea zen. "Kontzertu sozialekin jarraitzea da gure asmoa, baina Iruñekoa esperientzia paregabea izan da" esan digu Cruz Marik.