Genero ikuspegia kontratu eta diru-laguntzetan txertatuta

Guaixe 2009ko uztailaren 2a

Altsasuko Udalak garagarrileko bilkuran onartu zuen udaleko diru-laguntzetan eta kontratazioetan genero perspektiba sartzea. Horrela, bi esparru horietan "sexu arrazoiengatik inolako diskriminaziorik izatea saihestu" nahi du udalak. Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan moldaketak egin dituzte. Erakunde hartzaileen "estatutu edo funtzionamendu araudian generoagatik ez duela diskriminatzen argi geratu behar da. Bestela bi hilabete izanen ditu estatutuak aldatzeko". Ordenantza berean jasoa gelditu da udalak ez diela diru-laguntzarik emanen "gizon-emakumeen berdintasunaren kontrako helburu, sartzeko sistema, funtzionamendu, ibilbide edo jarduera duten pertsona edo erakundeei". Gauza bera gertatuko da "soldata diskriminazioagatik, akoso moralagatik, edo sexu arrazoiengatik tratu ezberdina eman eta erresoluzio administratibo edo epai irmoa dutenei".  Bestalde, Altsasuko Udalaren diru-laguntza jaso nahi dutenek ezin izanen dute hizkuntz edo irudi sexistarik erabili. Horretaz gain, egin behar duten jardueraren ebaluazioan genero adierazleak erabiltzea eskatzen du ordenantzak eta datuak sexuagatik banatuak aurkeztea. Laguntza eman edo ez aztertzean udalak horiek guztiak kontuan izanen ditu, baita erakunde eskatzaileak berdintasun plana onartua izatea edo aukera berdintasunarekin zerikusia izatea ere. KontratuakHaietan ere, Altsasuko Udalak berdintasun irizpidea txertatu du, gizon-emakumeen aukera berdintasuna bultzatu asmoz. Horretarako, besteak beste kontratu pleguaren baldintzak betetzen ez dituela esanen zaie aukera berdintasunaren arloan arau-hauste larriagatik epai irmoa jaso duten lizitatzaileei. Gauza bera gertatuko da Langileen Estatutuan edo dagokion lan hitzarmenean berdintasun planak bete ez dituzten lizitatzaileekin, lanean sexu jazarpena eman denekin, berdintasunaren kontrako erabakiak hartzen dituztenekin edo berdintasun plana ez egin edo hura propio betetzen ez dutenekin.MozioakEzker Batuak Garoñako zentral nuklearra ixteko mozioa aurkeztu zuen. Idatziak koalizioaren, NaBairen eta ezker abertzaleko zinegotzien oniritzia jaso zuen. PSN eta UPN abstenitu egin ziren. Bestalde, Kataluniako hainbat udalek kanpaina sustatzen ari dira Europar Batasunak egun bat Europako Kirol Eguna izendatzeko. Eskaerarekin bat egin zuen udalak. Ekintzaileak abstenitu egin ziren, kirola egunero sustatu behar dela argudiatu zuten.