283 Udan Euskaraz

Guaixe 2009ko uztailaren 2a

Altsasuko Udal Ludotekak eta Gazteria Sailak antolatuta asteazkenean hasi zen Udan Euskaraz kanpaina. 3 eta 12 urte bitarteko 283 haurrek eman dute izena eta adinaren arabera banatutako 9 taldetan aparteko garila pasatzeko prest dira. Lauzpabost haur kenduta, gainontzeko guztiek D ereduan ikasten dute. Programa behar bezala garatuko dela ziurtatuko du 22 begiraleen lanak. Aurreko urteetan bezala, 10:00etatik 13:00etara bilduko dira haurrak. Zelandi eskola dute bilgunea eta handik herrira zabalduko dira programako jarduerak. Hori bai, txikienak, 3 eta 4 urte bitartean dituzten 34 haurrak ludotekan daude, 4 hezitzaileren begiradapean. Udan Euskarazko arduradunek plangintza egiterakoan adinari erreparatuta 3 programa prestatu dituzte. Horietan jolasak, tailerrak, irteerak herrian bertan eta kanpora, dantza, film laburrak, igerilekua, animazio tailerrak eta beste aurreikusten dira. Ezgaituen taldeaAltsasuko Udan Euskaraz programan ezgaituen (fisiko eta psikikoen) talde bat dago. 6 eta 23 urte bitarteko 7 pertsonak osatzen dute taldea. Estreinako aldiz pertsona horiendako ere eskaini da aisialdi programa hori. Sakako Ezgaituen Elkarteko guraso talde baten ekimenez sortu da taldea eta horretarako Altsasuko Udalan, Txirinbulo Udal Ludotekaren, ANFASen, eskualdeko 2 boluntarioen eta Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuaren laguntza izan dute. Sakanako Mankomunitateak ere diru-laguntza eman du aisialdi programaren barruan ezgaituen taldea sortzeko. Haren bidez lau teknikari kontratatu dira ezgaituen zaintzan aritzeko. Udan Euskaraz irauten duen bitartean psikologoa den elkarteko boluntario batek koordinazio lana eginen du, aisialdi programa behar bezala gara dadin. Taldea, garila guztian barna, 10:00etatik 13:00etara Zelandi eskolan izanen da. Senideen iritziaEzgaituen familiek taldea sortzeagatik haien "esker ona" azaldu nahi izan dute. "Pozik egoteko" arrazoi bikoitza dute, batetik, "gure senideak goizetan entretenituak egon daitezkeelako eta, bestetik, familiendako atseden garrantzitsua ere bada". Familiek garbi dute haien senideek ez dutela adinik Udan Euskarazen parte hartzeko, "baina zoritxarrez, egoera berezia da". Eta gaineratu dute: "ezgaituek aisiarako eskubidea dute, baina adina gorabehera, haiek bakarrik ezin dute lortu eta familiek ozta-ozta konpontzen dute, askotan haien oinarrizko beharrak betetzeko nahikoa lan badutelako". Senideek "garilerako eta urte osorako Sakanako ezgaituen aisia aldarrikatu beharra" nabarmendu dute. Horretarako familiek, elkarteek, udalek eta mankomunitateak koordinatu behar dutela azpimarratu behar dute.