Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteazkenetik Isphording Hispania SA enpresako langileak lan txanda bakoitzean ordu bateko lan uzteak egiten ari dira. Enpresak adostasuna lortu gabe enplegu erregulazio espedientea (EEE) aurkeztu zuen garagarrilaren 18an eta Nafarroako Gobernua hura aztertzen ari da. Enpresak akordioak ixteari uko egin diola esan digute langileen ordezkariek. Enpresa batzordetik (5 ELA eta 3 LAB) azaldu digutenez, zuzendaritzak lantegiko 90 langileei modu ezberdinean eraginen liekeen EEE aurkeztu du, hiru hilabete iraunen luke. Aurrera eginen balu 35 langilek hiru hilabeteetan normal lan eginen lukete. 25 langile hilabete eta erdi lanean egonen lirateke eta gainontzekoak langabezian. Azkenik, 30 bat langilek 3 hilabeteak langabezian emanen lituzkete. Langileen iritziaEnpresa batzordeak ez dago EEErekin ados "langileria guztia ez hartzean, zerrenda baztertzailea delako". Horretaz gain, salatu du zuzendaritzak ez zuela langileen ordezkariek aurkeztutako plataforma negoziatu nahi izan. Enpresa batzordeak dio ez dagoela garbi "neurri honekin bilatzen den azken helburua zein den". Langileen ordezkariek esan dutenez, "gaur egun lan eskaria baxua bada ere, orain arte langileak ez gara gelditu". Nabarmendu dute zenbait soldata ez dituztela kobratu eta hurrengoak ez daudela bermatuta. Enpresaren balantzeek irabaziak eman dituztela gogorarazi eta gero, langileek jakinarazi dute enpresak Alemanian beste lantegi bat duela eta "hari buruzko informazioa etengabe ukatu digute". Langileen kezka da enpresak ez ote duen nahiko "egungo egoera baliatuta langileria berregituratzea haietako batzuk kaleratuz". Antza, "aspaldi" ari omen da hori esaten enpresa. Langileek Nafarroako Gobernuari EEE ez onartzeko eskatu diote.DatuakLantegia 1964an zabaldu zen eta gaserako txorrotak ekoizten ditu. Alemaniarrak dira nagusiak. 90 bat langile daude gaur egun Altsasuko lantegian. Haien adinaren bataz bestekoa 50 urtekoa da eta %60 bat emakumeak dira.