Asteburuan I. Andorra Ultratrail proba gogorra jokatu zen Pirinioetan. Ultratrail izena hartzen dute egun antolatzen diren lasterketa luzeenek. Kontuan hartuta maratoi batek 42 km dituela eta proba honek 105, atera kontuak nolako aldeaz ari garen. Bada, azkenean bi sakandar animatu ziren proba gogor hau egitera: Dantzaleku Sakana taldeko Jone Pelaez eta Jose Antonio Salgado altsasuarrak. Ander Unzurrunzaga ere aritzekoa zen, baina hankan bihurdura duenez ezin izan zen aritu. 450 korrikalari pasatxok hartu zuten irteera Arcalis eski estazioan ostiraletik larunbateko gauean, gaueko 12:00etan. Pirinioetan prestatutako zirkuitu gogor eta ikusgarrian 105 km egin eta Ordinon despeditzekoa zen proba, sarritan 3.000 metro inguruko altueran ibiliz eta elurra zapatuz. Proban 7.700 metroko desnibel positiboa eta 8.300 metroko desnibel negatiboa gainditu behar zuten korrikalariek. Ekaitza gogorretatik bero itogarriraBaina berez gogorra zen proba are gogorragoa bilakatu zuen eguraldi nahasi eta petralak. Salbuespeneko baldintza metereologiko gogor horien ondorioz antolakuntzak bi aldiz neutralizatu behar izan zuen lasterketa, proba ibilbide alternatiboetara bideratuz. Gainera, korrikalarien segurtasuna babesteko Clot del Cavall eta Pico de Comapedrosa arteko eremua kendu behar izan zuten antolatzaileek, une horretan sekulako ekaitza zegoelako. "Euria, kazkabarra, hotza... eta tximistak gure ondo ondoan erortzen ziren, bata bestearen atzetik, beldurgarria zen, benetan" dio Jone Pelaezek. Korrikalari bakoitza Pla de l´Estanyko aterpera eramateko behar izan zuten denbora ezin izan zuten kronometratu. Eta ekaitza pasa eta gero beroa etorri zen, bero gogorra. Gogortasunaren eta beste arrazoi batzuen ondorioz 188 korrikalarik abandonatu behar izan zuten proba, tartean Jose Antonio Salgado altsasuarrak, eroriko baten ondorioz zauria sendatzera joan eta hoztuta eta minduta geratu eta gero. Soilik 253 iritsi ziren helmugara. Azkarrena Kilian Jornet Burgada izan zen, hamar ordu eta erdi pasa korrikan eman eta gero (10:36:00). 45 minutu pasako aldea atera zion Oscar Perez bigarrenari (11:21:28), sekulako aldea, hain zuzen. Lehen emakumea Judit Casas izan zen. Lasterketa ikusgarria egin zuen, proban bederatzigarrena heldu baitzen helmugara (12:46:06). Casas aditua da halako probatan, txapeldun handia. Pelaez handiaEta gure ordezkariaren lana ere ez zen txantxetakoa izan. Jone Pelaez 59. tokian iritsi zen helmugara (15:36:30), probako laugarren emakumea eta bigarren emakume beteranoa izanik. Ikusgarria, benetan, altsasuarraren lana. Primerako denboraldia darama, sasoi betean dago, inoiz baino hobeki. Zegama-Aizkorrin ordu erdi hobetu zuen bere denbora, Lakuntza-Aralarren ia ordu laurden, eta Camille Extremen hirugarrena izan zen probako lehen emakume beteranoa. Orain Pirinioetako Ultra trailean egindako lan bikaina gehitu behar zaio. Proba egiteko 20 ordu behar izango zituela uste zuen, eta azkenean 15 ordu t´erditan burutu zuen lana. Txalotzekoa. Gustura eta pozik dago altsasuarra. "Oso proba gogorra izan zen, baina aldi berean polita. Ez du zerikusirik hemen egiten direnekin. 3.000 metroko altueran nengoenean arraroa sentitzen nuen gorputza, mendiko gaitza izango banu bezala, eta justu une horretan proba neutralizatu zuten. Errepide bat egongo balitz proba utziko nuke pentsatu nuen arraroa sentitzen nintzelako, baina atzera ere hastean ongi sentitu nintzen, nire martxa hartu nuen eta bukaeraraino" dio Jonek, proba honetan maila fisikoaz gain akaso maila mentala garrantzitsuagoa zela nabarmenduz. "Une batean hirugarrena nintzela esan ninduten eta azkeneko txanpa lasai egin nuen. Gero jakin nuen laugarrena nintzela, eta pena hori gelditzen zait, estutu izanez gero akaso hirugarren postua lortuko ahal nuelako" dio altsasuarrak, helmugara oso ondo iritsi zela aipatuz. Jone hobe moldatzen da proba luzeetan motzetan baino. "Askoz barratuago geratzen naiz 10 km-ko proba labur batean luzeagoetan baino. Pirinioetakoa eta gero ia ez dut agujetarik izan" dio irribarrez. Hori bai, hurrengo urtean ez du uste ariko denik "Oso-oso proba gogorra da, gehiegizkoa. Baina ze polita! Pirinioetan, ze paisai eta toki ederrak!" gaineratzen du.