Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herenegun bukatu zen Sunsundeguiko enplegu erregulazio espedientearen (EEE) kontsulta epea eta ez da akordiorik izan. Zuzendaritzak aurkeztutako espedienteak aurrera eginen balu 77 langile kalean geldituko lirateke eta 113 langileri 67 egunerako kontratua etengo lieke. Enpresa batzordeak (UGT 5, ELA 4, LAB 3 eta independente 1) zuzendaritzaren aldetik "mugimendurik" ez dela izan salatu dute. Antza, zuzendaritzak espedientea eta bideragarritasun plana lotu ditu.Kontsulta epean akordiorik izan ez denez, zuzendaritza eta enpresa batzordea gaur lan ikuskariarekin bilduko da. Aldeak entzun eta txostena osatuko du, Nafarroako Gobernuari bidaliko diona. EEE onartzen duen edo ez erabakitzeko, txosten horretaz gain Nafarroako Gobernuak Sunsundeguiren bideragarritasunari buruzko auditoria eskatu du. Sindikalista batek esan digunez, "dirua eman aurretik enpresaren egoeraren berri jakin nahi du gobernuak". Horren berri astelehenerako jakinen da. Bitartean zuzendaritza eta langileen ordezkariak astearterako dute hitzordua jarrita. Sindikatuen iritziaKontsultatutako sindikatu guztiek salatu dute zuzendaritza ez dela "beretik mugitu". Espedientea onartzen bada hori nola aplikatu hitz egin beharko lukete aldeek. UGT-tik esan digute "enpresaren bideragarritasun plana adosteko plataforma" aurkeztuko dutela, baina "beti ere, kaleratzeak negoziatu gabe". ELA astearteko bilerara zain dago eta aurretik ez du proposamenik. ELAtik diotenez, "kaleratzerik ez izatea da lehentasuna, eta eskubideak ez galtzea". Azkenik, "indargabetutako" greba gogora ekarriz, LABetik nabarmendu dute "argi gelditu dela mobilizazioak bertan behera uztea ez duela ezertarako balio izan eta horrela ahuldade posizioan gaude". Zuzendaritzaren "xantaiaren bidea" erabili duela salatu dute ere. Enpresa batzordeak aurretik egindako salaketa berretsi du LABek: "egoera honen ardura bakarra enpresaren mugagabeko askonahia eta kudeaketa txarra dira". Azkenik, "langileen eskubideen alde eta kaleratzeen kontra borrokan" jarraituko dutela azaldu dute LABetik eta inolako mobilizaziorik ez dutela baztertzen gaineratu dute.