Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean Altsasuko Udalak egindako bilkuran ez zen onartu NaBaik aurkeztutako aurrekontua (11.054.445,68 euro, iaz baino 2 milioi gutxiago gutxi gorabehera). Alkatetzaren eta IUN-NEBren 5 zinegotzien babesa besterik ez zuen jaso egitasmoak. Gainontzeko alderdi guztiek kontrako botoa eman zuten; eta Altsasuko Udalak, beraz, iazko aurrekontuen luzapena izanen du urte bukaera arte. Horrek iazko aurreikusiak zeuden hainbat diru sail aurtengorako egokitzea eskatuko dio udalari. Astearteko bilkurak utzi zuena gobernu batzordeko zatiketa argia izan zen. PSNren bozak ez ziren bere bazkideen zentzu berekoa izan, eta kontrako botoa eman zuten. Sozialisten bozeramaile Juan Migel Perez Hurtadok bilkuraren akaberan esan zuenez, "aukera asko daude paktua hausteko eta gobernu taldetik joateko. Nafarroako alderdiaren zuzendaritzarekin kontsulta eginen dugu, baina aukera handiak daude. Ez aurrekontuaren kontuagatik soilik, sakoneko gai gehiago ere badaude". Altsasuko PSNk gaur jakinaraziko du hartu duen erabakia.IritziakEAE-ANVrendako "desastrea" da aurkeztu zen aurrekontu proposamena eta ezezkoa eman zuen. Haien taldea aurrekontua egiteko ez dutela kontsultatua izan salatu zuen eta, "hala ere, egitasmoan ikusi ditugun akatsak esan ditugu". Lan molde parte-hartzaile baten alde agertu zen. Arantza Bengoetxeak esan zuen "ez dela kontuan hartzen herriak bizi duen egoera. Krisi egoeran normala izan daiteke, baina behera ez dute egin krisiagatik, azken 6 urteetako kudeaketa txarragatik baizik". Politika sozialetarako diru sailak "krisi garaian handitu beharko lirateke Altsasuko populazioak bizi dituen egoerei erantzuna emateko, ez jaitsi aurreikusi den bezala". Ekintzaileendako aurrekontu egitasmoa "teknikoki ez da baliagarria, diru sail batzuetan jaso dena baino gehiago gastatu delako dagoeneko". Aurreikusitako diru sarrerarik ez bada etortzen udala likideziarik gabe gera litekeela azpimarratu zuen Bengoetxeak. PSN "%99,9an ekintzaileekin bat" zetorrela azaldu zuen Juan Migel Perez Hurtadok. Zinegotzi sozialistak nabarmendu zuenez, "alkatetzarena da soilik aurrekontu egitasmoa. Gure zenbait emendakin onartu dituzte, baina badaude diru-sail batzuk guk ez ditugunak ulertzen. Krisi egoeran gaude eta koherentea izan behar da, ezin dira diru-sail gehienak jaitsi eta batzuk asko igo. Arlo sozialekoak ezin dira jaitsi, igo egin behar dira. Ezin dugu hori ulertu". Egitasmoaren kontra boza eman zuen PSNk.UPNk ezezkoa eman zuen "egungo egoerarekin bat ez datozela uste dugulako. Ez delako kontuan izan altsasuarren lan eta ekonomia egoera, eta ez direlako neurririk hartu lanik gabe daudenak aurrera ateratzeko". Antonia Roman kexu azaldu zen haien emendakina eta ekarpenak atzera bota edo kontuan hartu ez izateagatik. Roman zinegotziak salatu zuenez "UPNri ez zaio parte hartzen uzten" eta informaziorik ez zaiola ematen. UPN kritiko agertu zen Altsasuk mankomunitateari ematen dion diruarekin eta handik jasotzen dituen zerbitzuekin. Turismoa, kirola eta euskara Altsasutik kudeatzea eskatu zuen. IUN-NEB aurrekontuen aldeko boza eman zuen " egoera kontuan izanda behar errealekin bat egiten dutelako, krisi egoerari dagokion zorroztasunarekin". Arturo Carreñok "onargarritzat" jo zituen aurrekontuak "aurreko eta oraingo legegintzaldietako gure helburuak betetzen ari direlako". Ezkerreko koalizioak plantilari buruz esan zuen, "ezegonkorra dela eta eraginkortasuna alde guztietatik galtzen duela". Sozialistei zuzenduta Carreño zinegotziak esan zuen: "nahikoa denbora izan da aurrekontu orekatu eta zorrotzak egiteko. Aurrekontua onartzea gobernu batzordea osatzen duten bazkideen ardura ariketa ere bada, herriak normaltasunez funtzionatzeko". NaBairendako egitasmo "orekatua" zen. Unai Hualde alkateak esan zuenez, "jaso dudan aholkuengatik, egitasmo honek urte bukaera arteko funtzionamendurako ez du arazorik sortuko". Gogora ekarri zuen martxotik zeudela eginak aurrekontuak eta "impasse egoera gainditzeko gainditu beharra zegoela" azpimarratu zuen. Alkateak esan zuenez, "martxoaz geroztik PSN eta IUN-NEBrekin adostasuna bilatzen saiatu gara, baina uste dugu PSNk borondaterik ez duela izan. Txoratu gaitu eta ez da argia izan. 2 partidengatik gelditu da bertan behera". Gobernu batzordeko kide diren heinean sozialisten jarrera "ulergaitza" dela esan zuten NaBaitik. "Kezka" azaldu zuen, "ez guri egin diezaguken kalteagatik, inbertsioak ez egiteak herriari egin diezaiokeen kalteagatik baizik". InbertsioakAurten Altsasuko Udalak eginen duen inbertsio handiena 0 eta 3 urte arteko ikastetxea da. 1.627.169,43 euroko aurrekontua dute lanek. Mailegu bidez 355.918,68 euro ordainduko ditu udalak eta gainontzeko guztia diru-laguntzekin. Toki Inbertsioetarako Estatuaren funtsaren bidez finantzatuko diren lanek ere aurrekontuaren zati handi bat hartzen dute (Dantzalekuko igerilekuetako lanak, Burunda pilotalekuko erreforma, Gazte-lekua eta Iortia kultur guneko konponketak). Estatuak finantzatutako (milioi bat euro) Dantzalekuko belar artifizialeko futbol zelaia eta atletismo pistak ere aurten egitekoak dira. Udalak aurreikusitako beste inbertsioen artean hauek daude: Zelandi eskolan inbertsioak egiteko 20.000 euro; Zumalakarregi plazako estalpeak 177.000 euro; Lavadero eraikineko teilatua berritzeko 50.000 euro; basoan egin beharreko lanetarako 173.055,97 euro; haurtzaindegirako behin behineko moduluak 35.000 euro eta komun publikoetarako 15.000 euro.Alkatetzako taldeak aurreikusten du inbertsioak lurren salmentarekin eta hirigintza aprobetxamenduekin finantzatuko direla. Haurtzaindegia egiteko mailegua eska lezake udalak, eta horretaz lau urteko planeko lanak finantzatzeko mailegu gehiago eskatzea aurreikusi du udalak. NaBaik azaldu duenez, "ohiko sarrerek ohiko gastuak estaltzen dituzte eta egungo finantza karga. Zorpetze muga %3,99koa da, %4,19tik behera". Ikastolari bideratutako dirua 15.000 eurotan handitzea PSNrendako aurrekontuetako "trabetako bat" izan da. Sozialistek esan zutenez "krisi egoera batean bagaude eta diru-sail guztiak jaisten baditugu, ezin dugu onartu beste bat %40 igotzea". UPNrendako "beste ikastetxeekin alderatuta pribilegioekin tratatua da" ikastola eta "dirua modu bidezkoago batean banatzea" eskatu zuen. IUN-NEB ere diru sail horrekin kritiko azaldu zen, "ez baitzaigu koherentea iruditzen kontzertatutako erakundeei diru-laguntzak ematea". Koalizioa ere kritiko azaldu zen herrien senidetzen diru-saila handitu egin delako eta diru horrendako beste helburu batzuk bilatzea eskatu zuen. NaBaik sozialistei gogorarazi zien iaz konpromisoa hartu zutela diru sail hori aurten handitzeko. "Orduan A eta orain B esatea" leporatu zien sozialistei.