Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko alderdi sozialistak, ohar baten bidez, bere udal taldeak aurrekontuen kontra zergatik bozkatu duen azaldu du. Ezezko botoa argudiatzeko hamar arrazoi eman ditu PSN-k, "baina gehiago" daudela jakinarazi du. Aurrekontua ez onartzeak Altsasurendako ondorio "ezkorrak" izanen dituela aitortu dute eta guztiaren erantzule alkatea egin dute sozialistek. PSN-k, lehenengo eta behin, "argi utzi" duenez, "aurrekontua soilik NaBai-rena da, PSN-rekin adostua behar lukeenean". Sozialista altsasuarrendako "horrek alkatearen jokaera pertsonalista, prepotentea eta ezgaia erakusten du". PSN-k alkateari gogorarazi nahi izan dio "altsasuar guztien interesen alde egin behar" duela. ArrazoiakSozialistek nabarmendu dute "krisiaren unerik txarrenean, partida sozial guztiak murriztu egin direla". Aldi berean, salatu dutenez, "enplegua sustatzeko diru-saila ia bi hilabetez atzeratu da, arrazoirik gabe, arrazoi politikoak salbu. Eta NaBai-k diskriminatzaileki langile jakin batzuei %20ra arteko soldata igoera onartu die". Alderdi sozialista altsasuarrak aurrekontuei ezezkoa emateko beste arrazoietako bat oraindik adinduen egoitzarekin ezta udaleko langileekin ere hitzarmenak sinatu ez izana da. Bestalde, Sakanako Mankomunitatera bideratutako "gastua handitu" egin dela nabarmendu dute Altsasuko PSN-ko kideek. Gaineratu dutenez, "eskola publikoa diskriminatuz, ikastolarendako laguntza handitu da". Hezkuntzari lotutako gaiekin jarraituz, PSN-k argudiatu du udal haurtzaindegiaren arazoari "konponbidea eman gabe jarraitzen" dutela. Horrekin batera, "udalak D eredua besterik eskaintzen ez duenez, seme-alaben hezkuntza eredua aukeratzeko gurasoen eskubidea urratzen" duela salatu du PSN-k. 0 eta 3 urteko bitarteko eskola publikoaren lanak "arrazoirik gabe atzeratzea eta jasotako diru-laguntza arriskuan jartzea" leporatu dio PSN-k NaBai-ri. Azkenik, sozialistak kritiko azaldu dira presoen senideak laguntzeko diru-saila mantendu delako. Hamar arrazoi horietaz gain, langileriari dagokienez "euskararen ezagutzagatik, lan diskriminazioa mantentzen" dela esan du Altsasuko alderdi sozialistak. Dioenez, "euskarazko arreta bermatua egon arren, euskara ez dakienak ezinen du sekula udal horretan lanik egin". BileraNaBai-ko eta PSNko zuzendaritzak pasa den ostiralean biltzekoak ziren Altsasuko egoera bideratzeko asmoz. Goizean NaBai-ko Jose Angel Agirrebengoa eta PSN-ko udal politikako arduradun Pedro Mangado bildu ziren. Ostiral arratsaldean biekin batera, Altsasuko udaleko bi alderdietako bozeramaileak ere bildu behar ziren baina bilera atzeratu egin zen. Bestalde, ostiralean bertan PSN-ko antolakuntza idazkari Jose Luis Izkok prentsaurrekoan esan zuen akordioa ez lortzeko oztopoa bi diru-sail direla (ikastolarena eta presoen senideak laguntzen dituena), "bitartean izaera sozialeko sail guztiak murriztu dira". Izkok azaldu zuen zalantzan dauden bi diru-sail horiekin aurrekontuak onartzearen kontra dagoela. Bitartean, gaur arratsaldean Altsasuko NaBai-k eta IUN-NEB-k haien iritzia emateko prentsaurrekoa emanen dute.