Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herriaren baitako genero ezberdintasunaren azterketa eta diagnosia egin zen 2006an eta handik sortu zen Aukera Berdintasunerako Lehen Plana. Bere helburua da gizon-emakumeen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko, interbentzio instituzional eta soziala sortzeko sistema egonkorra izatea. Bi eragin esparru nabarmendu ziren planean; gizartea berau (hau da, herria) eta udala. Azken horren barruan, udaberri akaberan, udal jardueretan genero ikuspegia txertatzeko prestakuntza-akzio programa garatu zen. Azken finean, jarduera horrekin hauxe lortu zen: udal jardueran (planifikazioan, garapenean eta ebaluazioan) modu sistematikoan gizon-emakumeen baldintzak, egoerak eta premiak kontuan izatea. Horretarako, programatzen duten udal langileak trebatu beharra zegoen. Hala, lehenik, idazkaritzako, 21 agendako, gazteriako eta kirol saileko langileek oinarrizko prestakuntza jaso zuten. Haren bidez, aukera berdintasunari buruzko eta programazioan genero ikuspegia txartatzeari buruzko oinarrizko ezagutzak jaso zituzten. Ondoren, erabili beharreko prozedurak eta tresnak ezagutzeaz gain, arlo bakoitzeko egitasmo zehatzak egin ziren. Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren laguntzarekin egin zen jarduera hori.GehiagoErkuden Azanza Elso berdintasun agenteak jakinarazi digunez, aipatu planaren barruan kokatutako jarduera gehiago gauzatuko dira aurten. Hala, hirigintza, ogasun, kultura eta ludotekako zerbitzuetako teknikariak genero ikuspegia duten egitasmoak egiten trebatuko dira. Bestalde, gazteria, 21 agenda, kirol eta idazkaritza zerbitzuetako teknikoek genero ikuspegia duten proiektu zein programa berriak egiteko laguntza jasoko dute. Horrekin batera, aurten ere generoaren gaian trebatu nahi dira jendeari arreta eskaintzen dieten udal eta erakunde autonomoetako langileak. Azkenik, haur eta gazteekin lan egiten duten udal kirol eskoletako begiraleak genero gaietan janzteko asmoa dago.