Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Recindsako langileek ekainaren 18an bukatu zuten greba mugagabea, aldeen arteko "akordio penagarri bat" lortu eta gero. Uztailaren 6an epaileak kontratuen indar-gabetzea onartu zuen. Langileek kontratuaren kitatzea eta atzerapenak kobratu beharko lukete ondoren, baina ez da hala izan. Enpresak ez die ezer esan, baina "beste bide batzuetatik" langileak jakin ahal dute uztailaren 6tik bajan daudela. Hala ere, ez dute inolako agiririk jaso. Uztailaren 9an enpresako ordezkariek langileei jakinarazi zieten hilaren erdian kobratuko zutela zor zitzaiena. Baina ez da bete. Otsailaz geroztik, konkurtso legearen pean dago enpresa eta administratzaileak ez omen dute oniritzia eman. Recindsatik langileei esan diete FOGASAra jo beharko dutela. Langileak zorretan zutena kobratu gabe jarraitzen duten bitartean eta gastuak pilatzen hasi zaizkie. Gaiarekin lehenbailehen bukatu nahi dute. Protesta moduan ostegunean lantegiko hiruzpalau ateetako bat ixtea erabaki zuten. Horrela presioa egin nahi zuten zor zaiena kobratu ahal izateko. Guardia Civila deitu zuen enpresa eta haiek izan ziren itxita zegoen atea zabaldu zuena. Kexu azaldu dira, itxiera prozeduran parte hartu duten eragile guztiei gutxien inporta zaiena langileak direlako.