EAE-ANVk udal kudeaketa "kaxkarra" salatu du

Guaixe 2009ko uztailaren 27a

Ostiralean prentsaurrekoa eman zuten Altsasuko hautetsi independentista Juanjo Goikoetxeak, Arantza Bengoetxeak eta Raul Barrenak. Altsasun, estreinakoz, udal aurrekontuak onartu gabe gelditu zirela nabarmendu zuten. Bestalde, salatu zutenez "azken 6 urteetako planifikazio eta aurreikuspen faltaren ondorioak orokorrean eta arlo guztietan proposatzen dituzten murrizpenak dira". Hautetsi independentistek salatu zutenez, "oso larria da udalak bizi duen hutsune ekonomikoa" eta "esne saltzailearen bertsio traketsa"  egitea leporatu zioten udal gobernu taldeari. Aurrekontuak egiteko garaian ez haiekin, ez teknikariekin ezta herritarrekin ez zela kontatu salatu zuten. "Parte hartzerik gabeko aurrekontuak aurkeztu eta aurrekontu luzatuen aurrean gaudenean eta aurrekontu-aldaketak egin behar direnean" alkatetzak "erantzukizunak" eskatzea ez dute zuzen ikusi Juanjo Goikoetxeak, Arantza Bengoetxeak eta Raul Barrenak.Aurrekontu-aldaketei dagokienez 3 zinegotziek azaldu zuten ezin direla "nolanahi egin. Gastu korrontetik kendu behar da, ez inbertsioetatik. Partida batetik dirua kenduz gero beste batean sartzeko, premiak sortuz gero aurreneko partidara ezin da atzera dirua sartu". Aurrekontu-aldaketak "lupaz" begiratu behar direla ziurtatu zuten, "gaur ordaintzeko dirua egon daitekeelako eta bihar ez". Hautetsi independentistek jakinarazi zuten proposatutako aurrekontu-aldaketak bi irizpideren arabera aztertuko dituztela iritzia emateko: "zein diru-sailetatik kentzen den dirua eta gure hauteskundeetako herri programa". Horretan oinarrituta lanean jarraitzeko asmoa azaldu zuten. Altsasu-Nafarroa   Hautetsi independentistendako "NaBai-PSOE tandemak egindako politika desastre hutsa izan da altsasuarrendako eta proposaturiko aurrekontua horren isla baino ez da". Bestalde, hautetsi independentistek esan zutenez, bi alderdien "Nafarroako arduradunei altsasuarroi biziarazten diguten udal kaosa ez zaie inporta eta paktuaren ahuleziaz baino ez daude kezkatuta". Haien iritziz "hauteskunde ondorengo garaian bezala, NaBaik PSOErekiko sumisioa adierazten du berriro ere". Hautetsi independentistendako horren helburua litzateke Nafarroan "poltrona bat lortzea".