Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko alderdi sozialistak NaBairi zuzendu zaio eta eskatu dio "hausnarketa ariketa txiki bat egin eta beste aurrekontu batzuk prestatzeko". Aurrekontu horietan sozialistek nahi lukete "egoera zailean dagoen herriaren ongizateak lehentasuna izatea bai udalean bai kalean dagoen jendearengan". Aldi berean, alderdi sozialistatik jakinarazi dutenez, "ez ditugu aurrekontu-aldaketak bozkatuko azkenean NaBaik nahi duena ateratzeko, eta udalak diru-sail batetik kendu beste batean sartzeko sistemarekin funtzionatzeko. Hori ez da udal batek lan egiteko modua". Sozialistek koalizioari jakinarazi diote "arazoak mahai gainean daudenean, erabakiak hartu direnean, erantzukizunak eskatzea" ez dela bidezkoa. Ardura denena dela onartuta ere sozialistek nabarmendu dute "alkateak eta bere taldeak adostu gabeko eta onartuko ez ziren aurrekontu batzuk aurkeztearen ardura dute. Ondorioak ez dira Altsasuko PSNren errua, inolaz ere". ArgudioakAurrekontuei ezezkoa emateko arrazoi gehiegi daudela esan dute sozialistek. Azaldu dutenez, plantilla organikoa azalduko balitz haren kontrako boza ere emanen lukete, "udal honetan euskaraz jakin gabe ezin baita lanik egin, inolaz ere. Edo eraikuntza edo lur salmentagatik kobratzen den zerga, urte bukaerarako kobratzea ezinezkoa dela talde politiko guztiak dakigu. Edo 0-3 urte arteko haurrendako eraikina, iaz eraikitzen hasi behar zuena eta aurten ere hasiko ez dena". Sozialistek esan dutenez, ezezkoa eman zuten udal talde guztiek "ikusi genuen aurrekontu irrealak eta alderdikoiak zirela". PSNk aurrekontuari ezezkoa eman zion "uste osoarekin, ez beste alderdiek hala egin zutelako".