Sunsundeguin lanean, inor ez kaleratzeko akordioa lortu eta gero

Guaixe 2009ko uztailaren 30a

Sunsundeguiko zuzendaritzak eta langileek akordioa adostu dute, Nafarroako Gobernua bitartekari dela. Adostutakoaren arabera 77 langile kaleratzea eta 113 langileren lana erregulatzea aurreikusten zuen zuzendaritzaren espedientea baztertu egin da. Beraz, langileek eskatu bezala ez da kaleratzerik izanen. Horren ordez langile guztiak (276) hartuko dituen enplegu erregulazio espedientea izanen da iraila eta urrian (38 lan egun, beti ere lan kargaren arabera). Sunsundeguiko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek ere adostu dute progresiboki azpikontratatutako lanak enpresa bereko langileek egitea. Azpikontratatutako enpresekin sinatutako akordioak bukatzean ez lirateke berrituko beraz. Azkenik, bi aldeek adostu dute hala nahi duten langileek agorrilean lan egiteko aukera izanen dutela (eguna egun truk). Haien egitekoa dagoen eskaerari irteera ematea izanen da. Zehazki FEVEri agorrilaren akaberarako 3 tren eman beharko dizkiote. Adostutakoa langileek batzarrean berretsi zuten asteazkenean eta egun berean Enplegu Departamentuaren Iruñeko egoitzan sinatu zuten aldeek. Ostegunarekin bueltatu da Sunsundeguiko langileria lanera. Aldeen arteko akordiorik egon ez balitz Nafarroako Gobernuak zuzendaritzak aurkeztutako enplegu erregulazio espedienteari buruzko iritzia ostiralerako eman beharra zuen. BalorazioakEnpresa batzordean (UGT 5, ELA 4, LAB 3 eta independente 1) ordezkatuak dauden sindikatuak akordioaren "oso balorazio positiboa egin dute". ELAtik, esaterako, "sindikalgintzaren eta Sakanaren garaipentzat" dute kaleratzeen espedientea bertan behera uztea. LABek ere "aurrerapausotzat" jo zuen lortutakoa, argi izanda "ez dituela arazo estrukturalak konpontzen". UGTtik esan digutenez, "hori zen orain egin beharrekoa". Hala ere, langileen ordezkariak udazkenaren zain daude. Zehazki, Sodena erakunde publikoaren bidez Sunsundeguiren bideragarritasun plana ezagutzeko zain. Enpresa batzordea, bitartean ez da geldirik egonen, eta Sunsundeguiren egoeraz duten iritzia eman nahi diote Sodenari gaurko bileran, bideragarritasun planean eragin ahal izateko. Bideragarritasun plana langileekin adostea ere eskatu dute, "ezin dugu orri zuririk eman". Sindikatuek uste dute Nafarroako Gobernuak enpresak aurrera egiteko dirua jartzen badu baldintzak ere jarriko dituela, "dirua egoki bideratzeko". Aldi berean, lan osasuna, modernizazioa eta lanpostuen sortzea kontuan izateko eskatuko dute. Hori guztia iritsi bitartean, LABetik diote "tregua" batean daudela. Guztiek ere ordurako prest egon nahi dute. TrenakUGTko ordezkariek nabarmendu dutenez, "Nafarroako Gobernua gaian oso sartuta ikusi dugu eta hori berme bat da". Sindikatu sozialistatik gaineratu dutenez, "asteazkenean Xixonen FEVEren CAFen eta Sunsundeguiren arteko bilera zegoen eta han izan zen Sodenako ordezkaritza bat". UGTko kideen ustez "bezero hori ez galtzea garrantzitsua da, trenaren sektorean gutxi direlako eta gero berreskuratzea zaila delako". ELAtik azaldu digutenez, "FEVE CAF eta Sunsundegui emate datekin estutzen ari da, datak aurreratzeko eskatzen ari da premia duelako". ELAk dioenez, "lan karga gehiago sar liteke. Trenak Sunsundeguin etorkizuna du". Azkenik, LABek jakinarazi du "hemendik urte bukaerara 70 autobus eta 11 tren egiteko eskaera" dagoela eta "jada 50 autobus hitzartuak" daudela.MobilizazioakGreba hasi aurretik Sunsundeguiko 250 bat langilek igandean manifestazioa egin zuten Idiazabalen, enpresako nagusietako bat bizi den herrian. Asteartean aldeak bilduak zeuden bitartean, eraikinaren aurrean langileek kontzentrazioa egin zuten eta gero Iruñean barna manifestazioa ere egin zuten.