Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astelehenean, sozialisten presentziarik gabe, bildu zen Gobernuko Batzordea. Bilkura horretan 0-3 urte arteko zentroko lanak egiten diren bitartean haurtzaindegia alokatutako moduluetan jartzeko oinarrizko baldintza plegua onartu zen. Plegu hori eskutan, interesa duten enpresek haien eskaintzak egin ahal izanen dituzte. Izan ere, alkatetza-ebazpen bidez aurreko ostiralean luzatutako aurrekontuaren moldaketa onartu zen. Hala, finantzatu ahal izanen da behin-behineko haurtzaindegia. Udalak jakinarazi duenez, moduluak agorrilaren erdialderako alokatzea aurreikusten da. Zelandi ikastetxe publikoko patioan irailaren erdialderako kokatzea espero da eta martxan urriko lehen asterako egotea aurreikusten da. Asteleheneko Gobernu Batzordearen bilkuran NaBaik eta NEB-IUNek haurtzaindegiak irailean izan zezakeen kokapen posibleak aztertu zituzten. Gurasoen Elkartetik proposatu zitzaion udalari ludoteka horretarako erabiltzea eta hori da indar gehien duen aukera. Iraila haurrak egokitzeko garaia da 0 eta 3 urte bitarteko zentroan. NaBaik eta NEB-IUNek atzerapenaren ardura PSNk aurrekontuei ezezkoa ematea ekarri duela esan dute. Bestalde, Altsasuko Udaleko Lanen Lantaldeak agorrilean Zelandi ikastetxe publikoan ariko da lanean. Azken ikasturtean udal haurtzaindegia hartu du eskolak, baina espazio faltak hura moduluetara aldatzea ekarri du.