NaBaik PSNri: "urtearen garai honetan 2010eko aurrekontuak prestatzen zentratu beharra dago"

Guaixe 2009ko uztailaren 30a

Altsasuko NaBaik prentsa ohar baten bidez alderdi sozialistak zabaldu duenari erantzun nahi izan dio. Koalizioak esan du ez daudela prest "haiek proposatutako jokoan sartzeko, agorrilean aurrekontu berriak aurkeztea bestela aurrekontu-aldaketen kontra bozkatuko dutela mehatxatuz". NaBairen ustez, "antolatu dutena eta gero ez dago denbora galtzeko garaia eta aldaketen bidez premiazko inbertsioei heldu behar zaie". Aldi berean, indarrak heldu den urteko aurrekontua prestatzera bideratuko duela esan du NaBaik, "udal talde guztiekin negoziatuz eta ikuspegi zabal batetik". Aurrekontuan sozialisten proposamen guztiak jasoak zeudela nabarmendu du NaBaik eta aurrekontuei ezezkoa ematea beste argudioekin "janztea xelebrea da". NaBaik dioenez, eraikuntza edo lur salmentagatik kobratzen den zerga, urte bukaerarako kobratzea ezinezkoa dela esatea "barregarria" da, "aurreikuspen horien arduradun politikoa hirigintza zinegotzi Juan Migel Perez Hurtado denean. Koalizioak PSNri "demagogikoa" izatea leporatu dio 0 eta 3 urte bitarteko zentroa iaz hasi behar zela esaterakoan. NaBaik bere oharrean dioenez, "hirigintzako zinegotzigoaren ardura dutenez bazekiten materialki ezinezkoa zela, musika eskola berriko eraikuntza lanak despeditu bitartean musika ikasleek Altzania eraikinean egon behar zutelako". Haurtzaindegia aurten egiten ez bada "ardura bakarra PSNrena" izanen dela esan du koalizioak, eta gaineratu du haiek eta Ezker Batuak beharrezko aurrekontu-aldaketa eta lanen plegua prest dutela hurrengo asteetan aurrera eramateko.