Festen datari buruzko herri-galdeketa urriaren 4an eginen da

Guaixe 2009ko uztailaren 31

Atzo egindako bilkuran Altsasuko Udalak erabaki zuen festen datari buruzko herri galdeketa lastailaren 4an egitea, 8:30etik 20:30era. UPNk abstenitu egin zen eta gainontzeko taldeek aldeko boza eman zuten. Gure Etxea eraikinean jarriko dira boza emateko ontziak eta haien iritzia 16 urtetik gorako altsasuar guztiek emateko aukera izanen dute. Galdeketaren aurreko egunetan udalak haren zabalkundea eginen du herritarren artean. Galdera honakoa da: festak irailaren 14tik gertuen dauden ostegunetik astelehenera izatea nahi duzu, asteburua barne dutela, edo, orain arte bezala, irailaren 13tik 17ra izatea nahi duzu? Atzoko bilkuran, bestalde, PSNk urgentziaz aurkeztutako mozio bat onartu zuen udalak,, hautetsi independentisten abstentzioarekin eta gainontzeko taldeen aldeko bozarekin. Mozio horren bidez ETAk Burgosen eta Mallorcan herenegun eta atzo egin zituen atentatuak kondenatu zituen udalak. Horrekin batera, udalak herritarrak gau 20:00etan udaletxe aurreko aldean eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu ditu.