Altsasuko abesbatza ahots berrien bila

Guaixe 2009ko irailaren 8a

Udako oporren ondoren, martxan da atzera ere Altsasuko Erkudengo Ama abesbatza. Hilaren lehen astearekin batera eman zioten hasiera ikasturte berriari. Herriko festetan atseden hartuko badute ere, gogotsu itzuliko dira lanera hilaren 17an. Ikasturtearen hasiera abesbatzan sartzeko une egokia izan daitekeela iritzita, horretara animatu dituzte herritarrak "ez da behar musika eta kantu ezagutza berezirik; belarri pixka bat, denbora apur bat eta abestea gustatzea baino ez da behar" diote abesbatzako kideek. "Gizon nahiz emakume, adin orotako jendea animatzen dugu" adierazi zuten. Astelehen eta ostegunetan dituzte entseguak, 22:00etan, Altsasuko Iortia kultur guneko erabilera anitzetako gelan. Interesatuek nahikoa dute bertatik pasatzearekin. Gogotsu hasi dute ikasturtea altsasuarrek. Egitasmo erakargarriak dituzte urtearen amaierara arte. Azaroaren 14an, Nafarroa iparraldeko 7 abesbatza hartuko dituzte herrian. Hilabetea amaitzeko, Asturiaserako bidea hartuko dute, Cudilleroko Habanera jaialdian parte hartzeko. Ezin urtea agurtu Gabonetako Kontzertu tradizionalik gabe. Altsasu 300 ahotsen bilguneEgitasmo erakargarriak dituzte Altsasuarrek urte amaiera honetan. Bi hitzordu azpimarratu dituzte koruko arduradunek. Batetik, Nafarroako iparraldeko abesbatzen bilgune izanen da Altsasu azaroaren 14an. 7 abesbatzek bat eginen dute Burundako herrian, Lizarrako Ereintza, Bortzirietako Giltzarri, Leitzako Jeiki, Doneztebeko Mendi, eta Aiegi, Etxarri Aranatz, eta, nola ez, Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak. 300 bat abeslari espero dituzte altsasuarrek.