Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dantzalekuko aldagelak handitzea edo eraberritzea erabaki zuen asteleheneko bilkuran Altsasuko Udalak. Estatuko aurrekontuetara NaBaik emendakina aurkeztu zuen eta handik lortutako milioi erdi euroekin ordainduko dira aldageletako lanak. Udalaren asmoa da lanak emateko deialdia lehenbailehen egitea eta udaberri aldera, Dantzalekun aurreikusitako gainontzeko lanekin, aldi berean guztiak egitea. Hurrengo futbol sasoirako guztia prest nahi luke udalak. EgitekoaJokalariendako lau aldagela, epaileendako bi, botikina eta biltegia egitea aurreikusten da. 230 m2 erabilgarri izanen ditu. Bestalde, Altsasuko Udalak ere Erdialdeko lanengatik falta zena ordaintzeko aurrekontu aldaketa onartu zen (NaBai, PSN eta UPN alde, Ezker Batua abstentzioa eta ezker abertzalea aurka). 386.216,49 euro dira udalak ordaindu beharrekoak. Abenduan ez zen onartu eta plenotik bigarren aldiz pasa denean onartu da. Erdialdeko lanak egitea erabaki zenean (NaBairen eta PSNren aldeko bozekin) Nafarroako Gobernuari finantzazio plana aurkeztu zion udalak, 2007an. Lanak onartzeko udalak zein baliabide erabiliko zituen onartu zuen gobernuak. Hura betetzeko ezinbestekoa zen udalak aurrekontu aldaketa onartzea, baina abenduko bilkuran 2007an adostutakoaren kontra azaldu ziren sozialistak. Sortutako egoera ez zen bideragarria eta astelehenean aurkeztu zen berriro puntu bera udal bilkuran.