Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Seigarren urtez jarraian Dantzaleku-Sakana atletismo klubak Nafarroako kros txapelketa bat antolatuko du, aurtengoan distantzia laburrekoa. Lasterketa bera Altsasuko krosaren XXVIII. edizioa izanen da eta domekan jokatuko da, ilbeltzaren 24an, Dantzalekuko parajeetan barna. Emakumeen lasterketa 12:00etan izango da eta gizonezkoena 12:30ean. Aipatzekoa da ere Altsasukoak Espainiako Taldeen Txapelketarako puntuatzen duela. Dantzaleku Sakana klubeko Peio Bergarak adierazi duenez, soilik korrikalari federatuek parte hartu ahalko dute igandeko lasterketan. "Nafarroako puntako korrikalariak etorriko dira, Nafarroako Kros Labur Txapelketa izango baita, eta horretaz gain beste komunitate batzuetako korrikalariak. Kasu horretan ezingo dute Nafarroako kroserako puntuatu, baina Altsasuko XXVIII. Kroserako puntuatuko dute" dio Peiok. 250 korrikalari inguru espero dituzte, tartean Nafarroako elitekoak: Amatriain, Garin, Cabrera, Melero, Navascues... Sakandarrei dagokionez, 15 inguru ariko dira. Lau kilometroko proba paraje zoragarrianKorrikalari juniorrak, seniorrak eta beteranoak ariko dira lehian. 4 km-ko ibilbidea osatu beharko dute, Nafarroako Kros Laburreko Txapelketa delako.Urtero moduan Dantzaleku kirol instalazioetako pistetatik pasako da lasterketa, pistek duten egoera tamalgarria salatzeko asmoz. "Pistak eta futbol zelaia berritzeko lanak iaz egon behar ziren eginak, eta oraindik ez dira hasi. Instalazioetako aldagelak auzolanez berrituko zituztela ere hitzeman zuten herritar batzuk, baina instalazioek berdin jarraitzen dute, egoera penagarrian" adierazi du Bergarak. Pisten berrikuntza erreibindikatzeko, lasterketa Dantzalekuko pistetan hasiko da, eta Dantzaleku parajeetan prestatutako kilometro bateko zirkuituari lau buelta eman eta gero, helmuga pistetan egongo da. Lasterketa jarraitzera Dantzalekura hurbiltzen direnendako eta korrikalariendako Juan Antonio Galartzak emandako salda eta txistorra banatuko dira. Bestalde, lasterketa prestatzeko 30 pertsona inguru ari dira lanean. Juan Tramposoak eta maskaritakOhikoa denez ez da diru saririk emango. Nafarroako txapelketa irabazten dutenek txapelaz gain Altsasuko inauterietako Juan Tramposoa (gizona) eta maskarita (emakumea) jasoko dituzte. Bigarren eta hirugarren sailkatuendako Juan Tramposoa, maskarita eta plaka izanen da, eta hirugarren sailkatuendako berdin. Altsasuko kroseko lehen hirurendako sari bera banatuko da. Horretaz gain, lehen hiru talde onenek plaka jasoko dute. Orain arte momotxorroa eta sorgina banatzen zituzten, eta aurten aldaketa egitea erabaki dute. Ohi denez Juan Manuel Herrero "Zapa" altsasuarrak egin ditu eskultura eder horiek. Dirulaguntzarik gabeAltsasuko XVIII. Krosak 2.000 euro inguruko aurrekontua du. Nahiz eta Nafarroako txapelketa izan, ez du Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik ezta Nafarroako Atletismo Federazioaren laguntza jasoko. "Federazioan dirurik ez dagoela esan digute, baina betikoa da: gauza batzuetarako badago eta besteetarako ez. Gurea herri kirola da, ez dakit zer bulkatu nahi duten! Soilik talde profesionalak? Bakarrik Altsasuko udalaren laguntza jaso dugu, baina kopuru gutxiagoan, aurten udalak entitateei emandako laguntza jaitsi baitu" dio Bergarak. Diru laguntzarik ez egoteak edo laguntzak jaisteak eragina izan dezake, aurrerantzean, taldeak antolatutako lasterketetan. "Antolatzen ditugun proba guztiei eusten saiatuko gara, baina zalantzarik gabe proba herrikoienen alde eginen dugu: Onddo lasterketa eta San Silvestre. Altsasuko Milla eta Nafarroako Txapelketak antolatzea konplikatuagoa izango da, aurrekontu gehiago eskatzen dutelako. Ikusiko dugu" diote Dantzalekukoek. Egun 200 bazkide ditu klubak, eta Mendi Lasterketen sekzioa oso ongi dabilela adierazi dute. 30 inguru federatu dira mendi lasterketetarako.