Naiara Diez altsasuarraren itzulera

Guaixe 2009ko irailaren 6a

Lau urtez Liga Femeninako Zaragozako Mann Filterren aritu eta gero, Liga Femenina 2ko Obenasan ariko da. Ibilbide berriarekin ilusionatuta dago altsasuarraUnion Navarra Basket taldeak adierazi duenez, Naiara Diez saskibaloilari altsasuarra urte baterako fitxatu du, Liga Femenina 2 mailan dabilen Obenasa taldean aritu dadin. Lau urtez Liga Femenina mailako Zaragozako Mann Filter taldean aritu eta gero, Nafarroara itzuli da altsasuarra. Naiara Diez 1´87 metroko eta 22 urteko jokalari hegala da. Saskibaloiarekiko zaletasuna jaioterrian piztu zitzaion, eta Altsasuko Saskibaloi Taldea izan zen bere hasierako eskola eta taldea. Gazte mailara arte Altsasun aritu zen, eta orduan Ardoi Saskibaloi Taldeak fitxatu zuen. Bi denboraldi eman zituen Zizurko taldean, ordurako bere dohainez eta Ardoin eta Nafarroako selekzioan egindako lan bikainaz ohartu baitziren. Horrela, 18 urterekin Zaragozako Mann Filter taldeak fitxatu zuen, hiru denboraldirako. Zaragozako ibilbideaLehen denboraldian filialeko taldean aritu zen bereziki, nahiz eta lehen taldean debutatu eta lau partida jokatzeko aukera izan. Hurrengo urtean lehen taldean aritu zen, Liga Femeninan, eta 26 partida jokatu zituen guztira, bataz beste partidako 10 minutu arituz. Hurrengoan bere presentzia eta lana areagotzen joan ziren eta 2008/2009 denboraldian 26 partidatan aritu zen, guztira 365 minutu jokatuaz. Denboraldi nahiko konplikatua izan zen Mann Filterrendako, baina Liga Femeninan mantentzea lortu zuen taldeak. Horretaz gain Naiara Diez altsasuarra internazionala izan da Espainiako Selekzioko behe mailako kategorietan. 2007ko Bulgariako Europako Txapelketan urrezko domina lortu zuen 20 urtez azpiko Espainiako taldeko kidea izan zen, eta iaz promesen selekziorako konbokatu zuten. Nafarroako senior mailako selekzioko kidea ere izan da. Kontentu eta gozozNaiara Diezekin batera, UNB Obenasak Noelia Oliva, Maria Asurmendi, Zora Skravalov eta Charlene Smith fitxatu ditu. Taldearen helburua ahalik eta lan onena egitea eta Liga Femeninara igotzea da. Dagoeneko altsasuarra bere taldekideekin entrenatzen ari da eta oso kontentu dagoela adierazi du. "Oso proiektu ilusionagarria da eta oso pozik nago etorri izanagatik. Joan nintzenean oso gaztea nintzen, eta lau urte eta gero helduagoa naiz maila pertsonalean eta profesionalean. Saltoa emateko ordua zen eta hemen talde ona eta sendoa ari dira sortzen. Eta hori izan behar da gure helburua, talde ona sortzea. Ordutik aurrera iritsiko da beste guztia". Urriaren 3an hasiko da Liga Femenina 2 mailako 2009-2010 denboraldia. Obenasak B multzoan jokatuko du, beste 14 talderekin batera. Liga apirilaren 24an despedituko da eta finalen fasea maiatzean erabakiko da.