Goi mailako erremontea igandean Altsasun

Guaixe 2009ko irailaren 11

Erremonte zale asko daude gurean eta guztiek gozatu ederra hartuko dute Altsasuko jaietan egongo den jaialdi ederrarekin. Izan ere, Remonte Euskal Jai Berri Fundazioak hainbat instituzio eta babesleren laguntzarekin Nafarroako Foru Erkidegoko IV. Erremonte Txapelketa antolatu du. Txapelketa honi esker erremonte lehiez gozatzeko aukera izanen da Nafarroako makina bat herritan. Txapelketan erremonteko izar handiak eta etorkizuneko izarrak ari dira lehian. Altsasuk final laurdenetako partida hartuko du. Zehazki, Koteto Ezkurra handiak Gaztelurekin osatuko du bikoa, Zeberio II.a eta Baleztenaren kontra egiteko. Partida 40 tantora jokatuko da. Erremonte jaialdia igandean izanen da, hilaren 13an, 18:00etan, Burunda pilotalekuan. Sarrerak Burundako leihatilan egonen dira salgai, 17:30etik aurrera. Aipatu partida baino lehen beste erremonte lehia batez gozatzeko aukera izango dute zaleek, hau 30 tantora. Ezkurraren bueltaDoneztebekoa ia uda guztia jokatu gabe egon da, lesioez osatzen, eta asteartean itzuli zen kantxetara, gogor entrenatu eta gero. Nahiz eta galdu itxura ona eman zuen, kastako mutila dela erakutsiz. 9 aldiz banakako txapeldun izan dena pozik eta ilusionatuta dago kantxetara itzultzearekin, eta Altsasun dena ematera aterako da. Hala ere, ikusi beharko da ea partidei erritmoa hartu dien.