Hiru lasterketa hartuko ditu Altsasuk

Guaixe 2009ko irailaren 11

Sakanan txirrindularitzarekiko zaletasuna dagoela ez dago ukatzerik. Horren isla, larunbatean Burunda Txirrindularitza Klubak eskola mailako proba antolatu zuen Ziordian, eta hasi berri diren Altsasuko festetan hiru lasterketa izanen dira. Horrela bihar, larunbatean, 17:00etan, junior mailako XXV. Altsasuko Udala Trofeoa izanen da jokoan, Zumalakarregi plazatik abiatuko dena Burunda Klubak antolatuta. Igandean, txikienen txanda izango da, Eskola Mailako Txirrindularitza proba antolatu baitu atzera ere Burunda Klubak. Kasu honetan lasterketa goizeko 10:00etan izanen da Isasia Poligonoan, eta gynkana proba 11:30ean jokatuko da Zumalakarregi plazan. Sari ematea ere bertan izanen da. Ohikoa denez afizionatuek ere ez dute Altsasuko festetan huts eginen. Sociedad Deportiva Alsasuak antolatuta elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariek LXXX. Altsasu Txirrindula Lasterketa izanen dute jokoan astelehenean, irailaren 14an, Altsasuko festetako egun handian, goizeko 10:00etan abiatuta. Lasterketa Euskaldun Torneorako baliagarria da eta bertan Sakanako Rural Kutxa taldeko txirrindulariak eta beste txirrindulari sakandarrak ariko dira lehian.