8 langilerekin indartu da udalaren obren lantaldea

Guaixe 2009ko irailaren 7a

Agorrilaren hasieratik 8 langile berri ari dira Altsasuko Udalaren obren lantaldean lanean. Kisusgil eta baso lanetako ofizial banarekin eta sei peoirekin indartu da lantaldea eta haien egitekoa industrialdeen garbiketa eta mantentze lanak egitea izanen da. Horrekin batera, hiri altzarien mantentzeaz eta basoaren mantentze, soiltze eta garbiketaz ere arduratuko dira. 4 hilabetez ariko dira lanean. Langile horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzaz kontratatu ditu udalak. Kontratazioa egin ahal izateko udalak aurrekontu-aldaketa egin behar izan zuen. Haren alde PSN ez beste alderdi guztiek egin zuten. KiroldegiaAltsasuko Udalak garileko bilkuran erabaki zuen kirol batzordeak Zelandi kiroldegiaren jardueraren inguruko memoria egitea eta gizarte, finantza eta legegaiak aztertzea. Udalak kirol azpiegitura sozietate publiko baten bidez kudeatzeko aukera aztertuko du. Txostenak udalaren oniritzia jasoko balu, jendaurrean jarriko litzateke. Ondoren estatutuak eta erakunde publikoa indarrean jartzea tokatuko litzateke, udalak egoki joko balu. Bestalde, bilkura berean, Altsasuko Udalak 100.000 euroko aurrekontu-aldaketa bat onartu zuen. Horrek, kirol azpiegituretako zerbitzua mantentzeko aukera emanen du. Bestalde, udalak erabaki zuen ahal den neurrian behintzat herriko hornitzaileen bidez erosiko dituela beharrezkoak dituen gauzak. Krisi garaian herriko merkataritzaren alde egin nahi du horrela udalak.