Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean Altsasun bildu zen PSNko zuzendaritza. Roberto Jimenez idazkari nagusiak adierazi zuenez "Altsasun bildu gara gure alderdikide diren zinegotziei eta UPNkoei gure elkartasuna adierazteko, haien eskubideak ezin baitituzte normaltasunez bete, eta hori alkatearen onarpenarekin gertatu da". Agorrileko udal bilkuran gertatutakoak gogoan izanik egin zituen adierazpen horiek Roberto Jimenezek. Orduko hartan ezker abertzaleko hainbat kidek udal bilkura aretoan kartelak erakutsi zituzten. Haietan Jon Antza non dagoen, Alain Berastegik jasan zuen bahiketaren eta "gerra zikinaren" kontrako salaketak egiten ziren. Gertaerak Udal bilkura 10 minutuz eten zen eta bozeramaileen batzordea bildu zen. Erabaki zen PSN eta UPNko zinegotziek iraingarri jotzen zituztelako jendeari kartelak gorde zitzala eskatzea, bestela bilkura ateak itxita eginen zela. Hautetsi independentistak azken aukera horren kontra azaldu ziren, eta hori gertatuz gero alde eginen zutela esan zuten. Etena eta gero alkateak jendeari kartelak kentzeko eskatu zion, PSNko eta UPNko zinegotziak haien gauzak hartzeko sartu eta joan ziren. Guardia Civilaren kuartelean salaketa jarri zuten zinegotziek. Juan Migel Perez Hurtadok esan digunez, "kartelak kendu ez zituztenez alde egin genuen. Alkateak haiek kentzeko agindu behar zuen eta bere egitekoa ez zuen bete". Jarritako salaketaz galdetuta zinegotzi sozialistak esan digu "plenoak normaltasunez egin daitezen jarri dugu. Aurrekoetan ere halakoak gertatu baitira. Ez gaude bilkuretara jendea joatearen kontra baina normaltasunez garatzea nahi dugu". Udal paktuaRoberto Jimenezek Altsasuko Udaleko gobernu paktua dela-eta esan zuen: "Altsasuk egonkortasuna eta aurrekontua izatea nahi dugu. Baina horretarako PSNren borondatea ez da nahikoa, NaBairena ere beharrezkoa da". Sozialista nafarren buruak gaineratu zuenez, "ezin dira gizarte arloko diru-sail guztiak izoztu eta handitzen den bakarra presoak bisitatzera joaten direnendako saila izan. Hori ezin dugu onartu. Borondatea erakutsi behar da aurrekontuak egiterakoan eta jendearen askatasun eta eskubideen defentsan kontu berezia izanez ere erakutsi behar da". Altsasuko sozialisten bozeramaileak bestalde, esan zigun festen ondoren egoera bideratzeko bilerak hasiko zituztela.