Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
NSM enpresak aurreratua du udal haurtzaindegia hartuko duten moduluen instalazioa. Aurreko astean hasi zituzten lanak, aurretik udalaren lan-taldeak zimendu eta ur beltzendako konexioa jarri eta gero. Zelandi ikastetxe publikoko patioan daude haurtzaindegia hartuko duten moduluak.Jakina denez, Altzania eraikinean 0-3 urte arteko zentroko lanak egiten diren bitartean haurtzaindegia modulu horietan kokatua izanen da. Bitartean, irailean udalak zerbitzu hori udal ludotekan eskainiko du. Moduluak lastaila hasierarako erabiltzeko moduan izatea espero du udalak. Zerbitzuari dagokionez, udalak 9.200 euro bideratuko ditu hezitzaile bat kontratatu eta Txirinbulo udal haurtzaindegiaren zerbitzua indartzeko. Bestalde, Altzania eraikinean kokatuko den haurtzaindegi berriaren lanak azaroaren bata baino lehen hasi beharko ditu udalak. Hezkuntza Departamentuak baldintza hori jarri dio 812.000 euroko diru-laguntza jasotzeko. Lan horiek egin ahal izateko Altsasuko Udalak aurrekontu-aldaketa onartu zuen, NaBairen, hautetsi independisten eta NEB-IUNen aldeko bozekin. 1,62 milioi euro bideratuko ditu udalak lan horietara. PSN eta UPNko zinegotziak ez ziren bilkura hartan izan, haien ustez iraingarriak ziren kartelak erakutsi zituztelako bilkuran zegoen jendeak. 380 metro2Azalera hori izanen du behin behineko haurtzaindegiak. Modulu horien alokairuagatik udalak 50.000 euro inguru ordainduko ditu.