Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iortia Kultur Gunea jendez bete zen aurreko ostiralean Altsasuko futbol taldearen himnoaren aurkezpen ekitaldian. Himnoa entzuteaz gain, futbolak Altsasun egindako bidea ezagutzeko aukera izan zen Guzman Lobo juntakideak egindako ikus-entzunezko ederrean. Aurrez, Altsasuko Kirol Elkartearen (AKE) futbol saileko lehendakariak, Pablo Lopez Colinak, xehetasun handiz azaldu zuen herriko futbolaren izana eta oraina, eta belar artifizialeko futbol zelaiaren lanak lehenbailehen hastea eskatu zuen eta aldagelen arazoari irtenbidea ematea, hau da, daudenak konpontzea edo igerilekuetakoak erabiltzeko egin beharreko konponketak egitea. Ekitaldia bukatzeko, Enrike Zelaiak hartu zuen hitza, eta himnoaren hiru bertsio aurkeztu zituen: euskarazkoa, gaztelaniazkoa eta instrumentala. Bukaeran, akordeoia esku artean hartuta himnoa kantatzeko gonbitea egin zuen eta bertaratutako guztien artean kantatu zuten himnoa. Bukaera beroa eta hunkigarria izan zen. 70. hamarkadakoaEnrike Zelaiak 70. hamarkadan sortu zuen kantaren musika eta letra. Nola nahi ere, 30 urte itxaron behar izan da behar bezala grabatu eta ezagutzera emateko. Soinu ingeniaria Irurtzungo Jorge Cordon izan da eta grabaketan ondoko musikari hauek parte hartu dute: Erkudengo Ama abesbatzak, JM Alzelaik (atabal, txapak), JI Lopez de Sabandok (dunbal eta tinbalak), Fernando Fustek (txirula), Idoia Lobánek (bonbardinoa), Javier Aiestaran (tronboia), Constan Gonzalez Urkizuk (tronpeta), Javier Unamunok (musika taldearen koordinatzailea), Iñigo Goikoetxeak (baxua) eta AKEko futbol zaletuek (oihuak eta irrintziak).Himnoa deskargatzeko: http://www.sdalsasua.com/clubsdalsasua.asp