Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Agorrilaren 24az geroztik greban daude Isphording Hispaniako 93 langileak. 4 nomina kobratu gabe dauzkate langileek eta egindako lana kobratzea eskatzen dute. Langileen ordezkariek (5 ELA eta 3 LAB) jakinarazi digutenez greba bertan behera utziko lukete baldin eta nomina bat kobratu eta enpresak ordainketa egutegi bat aurkeztuko balu. Langileen ordezkariek jakinarazi digutenez, foru administrazioak enpresa laguntzeko baldintza bat jarri du: agiriak aurkeztea lantegia berehala ez dela itxiko ziurtatzeko. Enpresa batzordetik jakinarazi dutenez zuzendaritzak agiriak festen ondoren aurkezteko asmoa omen du. Egoeraren errua langileek enpresari egozten diote. Isphording-ek Altsasuko lantegiaz gain, Alemanian beste bat du. Alemaniako lantegia Altsasukoaren bezeroa da eta langileek diotenez ez du jasotakoa ordaintzen. Langileek ere jakin dute Alemaniako lantegia 67 langile izatetik 40ra pasa dela. Espediente berriaAsteazkenean zuzendaritza eta enpresa batzordearen arteko bilera izan zen. Zuzendaritzak jakinarazi zien enplegu erregulazio espedientea (EEE) urte bukaerara arte luzatuko zuela. Bere eragina ere zabaldu eginen du. Orain arte espedienteak 93 langileetatik 55 hartzen bazituen, berriak 65 hartuko ditu. 42 langileren lanaldi osoa (lehen 30) eta 23ren lanaldi erdia (lehen 25) hartuko du. Enpresa Batzordeak (5 ELA eta 3 LAB) ez zuen espedientea onartu baina Nafarroako Gobernuak oniritzia eman zion. MobilizazioakGrebak irauten duen bitartean langileak, asteazkenero azokan kontzentrazioa egiten dute, eguerdian. Horretaz gain, agorrilaren 30ean 500 bat pertsona bildu ziren Altsasun egindako manifestazioan.