Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
PSNko zinegotziei "arduragabeki eta desleial" ez jokatzeko eskatu diete Lan egiteko borondatea duten zinegotzien artean ardurak banatzeko bilerak egiten hasi dira Altsasuko Udalean (azpititularra). Lehenengo bilera gaur bertan eginen dute, EAE-ANVrekin NaBai eta EB zinegotziak gainerako udal taldeekin batzarrak egiten hasi dira udalaren funtzionamendua hobetzeko asmoz. Udal organoak ireki dituzte, eta lan egiteko borondatea duten zinegotzien artean ardurak banatzeko prest azaldu dira; izan ere, NaBai eta EBren iritziz "Udalak ezin du aurrera egin hamahiru zinegotzietatik bostek baino ez badute lanik egiten, eta gainerako guztiek kritikatu baino ez". NaBai eta EBren arabera, "PSNko zinegotziek hartutako ardurak axolagabeki kudeatu dituzte eta gobernagarritasunarekiko desleial jokatu dute".Hori dela eta, PSNri eskatzen diote hogei urtetan egindako oposizio lana utz dezala eta benetan ardurak hartu eta lan egin dezala. Eta gainerako alderdiei eskatzen diete erantzukizunez joka dezatela, udalean ardurak hartuz herriaren alde eginez. EBko zinegotziaren arabera ezinbesteko da udaleko alderdiak bat etortzea herriak dauzkan arazoak aurrera ateratzeko. "PSN ez da behar bezala jokatzen ari eta dagozkion ardurak axolagabeki eramaten ditu; gauzak horrela udalaren gobernagarritasuna zaila egiten zaigu NaBai eta EBren bost zinegotziei, izan ere, erabaki garrantzitsuenak aurrera eramateko 7 zinegotzi behar dira". Aurreko ostegunean NaBaik eta EB zinegotziek emandako prentsaurrekoan, azken urteotako balantzea egin zuten. Gogora ekarri zuten, legegintzaldi hasieran botorik gehien jaso zuen alderdia izateagatik alkatetza eskuratu zuela NaBaik, bere lau zinegotzien botoei esker. Orduan, PSN izan zen idatzizko paktu bat sinatzeko prest azaldu zen bakarra eta horrela egin zuten helburu batzuk zehaztuta. Arazoa, ordea, honako hau izan da: "PSNko zinegotziek ez dutela paktuaren alde lan egin, eta, ondorioz, udalak ez duela funtzionatzen". Hori dela eta, gobernagarritasuna hobetzeko iaz EB gonbidatu zuten gobernu batzordean sartzera. Axolagabe eta desleialNaBai eta EBren iritziz, PSN zinegotziak buru diren batzordeak axolagabeki kudeatu dituzte. Hirigintza batzordea, esaterako, batzorde garrantzitsua izan arren, arduradunak ez du jarraipen politikorik egin eta txostenak bileran bertan irakurri ditu. Gainera, hirigintza arloa ez dago ongi antolatuta, teknikoek laguntza falta dute, ez zaizkie irizpiderik ematen eta ondorioz, funtzionamendua ez da ona: epeak pasatzen dira eta hanka sartzeak gertatzen dira. Aipatutako beste adibidea, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruarena izan da. NaBai eta EBren iritziz, horren kudeaketa txarra izan da, behar bezalako planifikaziorik ez delako egin eta langileekin arazoak egon direlako. Arazoak, gainera, arduraduna ez zegoenean konpondu dira. Era berean gehitu dute osasun arloko zinegotziak legegintzaldi guztian ez duela Osasun Kontseilurik deitu. Bukatzeko, antolaketa eta giza-baliabideen zinegotziaren axolagabekeria ere aipatu dute, izan ere antolaketan ez da hobekuntzarik egin eta langileen hitzarmena oraindik ez da sinatu. NaBai eta EBren arabera, desleial jokatu dute PSNko zinegotziek: "Zer hitzarmen klasetan sinesten dute baldin eta aurrekontuen alde egin ez badute? Udal aurrekontua gobernu ekintzako dokumenturik garrantzitsuena da". Salatzen dutenez, "aurtengo aurrekontuetan PSNren proposamenak jasoak zeuden baina azken orduan xantaia egin dute". Hori dela eta, "herriak merezi ez duen" funtzionamendu arazo larria dago udalean. "Udalak ezin du aurrera egin hamahiru zinegotzietatik bostek baino ez badute lanik egiten". Gauzak horrela, egoera bideratzeko udaleko taldeekin bilerak egiten hasi dira ondoko bi helburu hauek lortzeko asmoz: batetik, heldu den urteko eta legegintzaldia bukatzeko falta diren urteotako aurrekontuak lantzeko —beti ere egun dauden diru-sarrerak kontutan hartuta—; eta, bestetik, udal organo eta ardurak lan egiteko gogoa duten zinegotzien artean banatzeko. ERANTZUNAKUPNUPNek uko egin dio EAE-ANVrekin gobernu batzordea osatzeariBiolentzia gaitzesten ez dutenekin gobernua osatzeko prest ez dagoela adierazi du UPNek. UPNren iritziz, "alkatearen taldeak EAE-ANV taldearen botoak jaso nahi ditu, eta, aldi berean, gainerako alderdiok haien egitasmoak bultza ditzagun nahi du". UPNren esanetan: "Demokrata garenon artean eta terrorismoa gaitzesten ez dutenen artean ezin da distantziakidetasunik izan". PSNPSNek paktua errespetatzeko eskaria egin dio NaBairiPSN udal gobernu berri bat osatzeko kontaktu errondatik kanpo gelditzea erabaki du eta NaBairi eskatu dio legegintzaldi hasieran bi alderdien artean (PSNek eta NaBai) sinatu zuten hitzarmena errespetatzea. Jasotako salaketei erantzunez, PSNek erantzun du: "PSNko zinegotziak buru garen batzordeetan ez da utzikeriarik ez ardura faltarik egon. Egindako lana ez dugu komentatu behar, herritarrek epaituko dute". PSNren oharrak jasotzen duenez: "alkatea, bere taldea eta Arturo Carreño (EB) gezurra esaten ari dira: alkatea, alkate den heinean, batzorde guztien berezko lehendakaria da. Hirigintza batzordea PSNri delegatu zioten lehenkaritza, baina alkateak nahi bezala gidatzen du hirigintza batzordea. Alkatea udalean dagoen denboran erdia hirigintza gaiak kudeatzen eta manipulatzen aritzen da bere kaxara eta, gero, talde sozialistari erantzukizuna eskatzen dio". Era berean, alkateari gogorarazi nahi izan diote Osasun Kontseilua deitzeko ardura Osasun Etxeko zuzendariari dagokio eta ez Ongizate zinegotziari. Eta kexa bat gehitu dute, izan ere, "alkateak ez du Aita Barandiaran zaharren egoitzaren patronatuaren deialdirik deitu". Erantzukizun eta koherentzia politikoa eskatzen diote NaBairi.