Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Diario de Navarra egunkarian, Altsasuko PSNek gogor kritikatu zuen Altsasuko EBko zinegotzia. "Lotsagabe" jokatu duela eta azken legegintzaldietan bere burua "saldu" egin duela adierazten zuen PSNek igandeko egunkarian. Hitz horiei erantzunez, Arturo Carreño Parras Altsasuko EBko zinegotziak azaldu du ez dela harritzekoa "Altsasuko Alderdi Sozialista kalumniara jotzea eta EBrekin haserre dagoela adieraztea". Gaineratu du "EBak Altsasuko Udalean ordezkaritza izan duen lau legegintzaldietan Bertako Batzarrak eta gure Zuzendaritzak hartutako erabakiaren arabera" eman dutela EBko zinegotziek euren botoa. "Urte hauetan ez diogu PSNri gure babesa eman, iruditzen zaigulako PSNko zinegotziek gobernuan egoteko gaitasun eta aldarte falta dutela. 2003-2007 legegintzaldian izan ezik —zeinetan Asun Fernandez alkate-gaia babestu genuen, jarrera ezkertiarrekin gure herriaren gobernagarritasuna lortzeko asmoz—, gainerako guztietan EBak beti eman dio bere buruari botoa". Era berean, EBko zinegotziak argitu nahi izan du "Altsasuko EBk beti gaitzetsi duela terrorismoa, bai aurkeztutako mozioetan, baita terrorismoa salatzeko egindako kontzentrazioetan parte hartuz". Carreñok adierazi du "EBak beti egin duela lan herriko arazoei konponbidea emateko, Altsasuko herritarrek ondo dakiten bezala". Eta bukatzeko, Altsasuko sozialistei gogorarazi nahi izan dio PSN UPNri esker dagoela gobernuan Nafarroan, eta EAEn, PPri esker. "Guk ez dugu kalumniatzen ez iraintzen, baina adierazi dezakegu ez dela zintzoa bere burua ezkertiartzat duen alderdia kide horiekin egotea gobernuan".