Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lau greba egun egin eta gero, aurreko larunbataz geroztik zabalik dago berriz ere Zelandi kiroldegia. Bien bitartean, Nitram Pool enpresa aztertzen ari da nola konpentsatu bazkideei iraileko 8 greba egunen kalte-ordaina. Grebaren eraginez ere, kirol jardueratan izen emateko epea atzeratu dituzte, horrela, lehorreko eta igerilekuko jardueretan izena emateko azken eguna irailaren 25a izanen da. Kiroldegia ohiko ordutegian dago zabalik: astez goizeko 8:00etatik 21:30era; larunbatetan 9:00-19:30 eta igandetan 9:00-13:30.Zelandiko Nitram Pool enpresako langileek irailean bi greba egin dituzte. Lehena hilaren hasieran egin zuten, azkeneko 3 nominak kobratu gabe zituztelako. Horrela, irailaren lehenean greban hasi eta handik lau egunera lanean hasi ziren, langileen zati bati zor zitzaien dirua kobratu eta gero. Lanean hasi aurretik enpresak hitz eman zien Dantzalekuko langileei udako soldata ordainduko zietela, baina irailaren 15ean kobratu ez zutenez berriz ere greba egitea erabaki zuten. Nitram Poolek, ordea, ostirala arte ez zuen ordaindu zor zituen soldatak, horren ondorioz beste 4 egunez luzatu zen bigarren greba.Etorkizunera begira kezka azaldu dute langileek: alde batetik, oraindik 3 hilabete gelditzen zaizkiolako enpresa hartzaileari; eta bestetik, enpresa berriak hartzen duenean ez dakitelako lanpostuak subrogatuko diren ala ez. Gainera, langileek adierazi digute minimoan aritzen direla lanean eta lan-karga handia dela.