Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Foruzaingoaren Altsasuko bulegoak Altsasuko festen inguruko balorazioa egin du. Adierazi dutenez, sei salaketa jaso zituzten komisarian. Horietatik bat genero-indarkeria kasua zenez, pertsona bat atxilotu zuten. Beste bi salaketa ibilgailu batean eta makina automatiko batean egindako kalteengatik izan ziren, eta gainontzeko hirurak dokumentazioa galdu izanagatik. Horretaz gain foruzainek 11 salaketa administratibo tramitatu zituzten: zazpi Bide Segurtasunaren araudia hausteagatik, hiru substantzia estupefazienteen jabetza izateagatik eta bat agintaritzaren agente bati desobedientzia egiteagatik. Oharrean gaineratzen dutenez prebentzio gisa patruila lanetan aritu ziren foruzainak, ibilgailuekin eta oinez, herritarrez jantzita. Festako une garrantzitsuenak eta Ferialeko postuak jarraitu zituzten, besteak beste adin txikikoei alkohola ez saltzea eta debekatutako artikuluak saltzen ez zirela ziurtatzeko. Hutsik zeuden industrialdeak ere zaindu zituzten. Oinez 50 ordu baino gehiagoko patruila lanak egin zituzten. Bestalde, delituen prebentzio gisa 28 ibilgailu kontrolatu zituztela eta 113 pertsona identifikatu zituztela adierazi dute.