Altsasuko Ezker Abertzalea: "Egoera edozein izanda ere lanean jarraituko dugu"

Guaixe 2009ko irailaren 23a

Gobernagarritasuna hizketa gai izan zuten astelehenean NaBaik, EBk eta Altsasuko ezker abertzaleak. Bileraren ondotik, ezker abertzaleak nabarmendu du "prentsan atera dena baino ez digute azaldu. Gainerako taldeekin hitz egiten hasi nahi dutela, baina konkreziorik bat ere ez". Ezker abertzaleko zinegotziek adierazi dutenez, "PSN eta NaBairen arteko Altsasuko paktua bere horretan dago eta hitzarmen horrek gu baztertzen gaitu". Gainera, beldur dira NaBaik autonomiarik ez ote duelako izango "Nafarroako Parlamentuan-eta keinua egiten diolako NaBaik PSNri. Beraz, ez dakigu joko bat egiten ari ote diren, PSNrekin duten paktua berrindartzeko". Ekintzaileek Altsasuko Udalaren egoerari buruzko analisia egin dute: "Udalaren funtzionamendua kaxkarra da. Eta orain, ardurak PSNri leporatzen dizkiote, arrazoiarekin, baina arduradun nagusia alkatea da postuak bere horretan mantentzen dituelako. PSNk eta NaBai 2 urte eta erdi daramate paktu baztertzailea babesten". Ekintzaileen ustez, ordea, Altsasuko Udalean historikoki talde guztiek osatu dute gobernu batzordea. Nabaik eta PSNek sinatutako paktuarekin, ordea, "esklusio paktua egin zuten". Ekintzaileen ustez, beraz, "prentsaren bitartez egindakoa ez da gonbidapen bat, beti egin izan den normaltasunera bueltatzeko deia baizik".Bukatzeko nabarmendu nahi izan dute "esklusio egoeran" egonda ere, bi urte pasatxo daramatela lanean. "Lan egiteko konpromisoa dugu, eta egoera edozein izanda ere lanean jarraituko dugu" gaineratu dute.