Isphording-eko langileak itxialdia egiten ari dira Udaletxean

Guaixe 2009ko irailaren 24a

Isphording-eko langileen batzordeko kideak asteazken eguerdiaz geroztik ari dira udaletxean itxialdia egiten. Hilabete pasa da greba egiten hasi zirenetik eta aurrerapausorik eman ez denez itxialdia egitea erabaki dute. Itxialdia mugagabea da, enpresak edo Industria Departamentuak soluziobideren bat eman arte. Asteazkeneko kontzentrazioa eta gero, alkatearekin batzartu ziren, eta ondoren itxialdiari ekin zioten enpresa batzordeko kideak. Itxialdiaren bitartez, Nafarroako administrazioaren eta Sakanako eragile politikoen atentzioa deitu nahi dute. Industriak eskatutako agiriak aurkez ditzala eskatu diote langileek enpresari, baina enpresak ez du agirik aurkeztu. Jakina denez, foru administrazioak enpresa laguntzeko baldintza bat jarri du: enpresak agiriak aurkeztea, lantegia berehala ez dela itxiko ziurtatzeko. Enpresak, ordea, festen ondoren aurkezteko zituela hitza eman arren, oraindik ez du agiririk aurkeztu. Hori dela eta, ezin da aurrerapausorik eman. Egoera desblokeatzeko Industria Departamentuarekin bilera eskatzen dute langileek.Enpresaren jarrera salatu duteAgorrilaren 24az geroztik greban daude Isphording Hispaniako 93 langileak. Bost nomina kobratu gabe dauzkate (maiatza, ekaina, udako estra, uztaileko soldataren %20 eta abuztuko nomina) eta egindako lana kobratzea eskatzen dute. Irailaren hasieran zuzendaritzak jakinarazi zien enplegu erregulazio espedientea (EEE) urte bukaerara arte luzatuko zuela eta bere eragina ere handiagoa izango zela. Lehenengoak 55 langile hartzen zituen, bigarrenak 15 gehiago. Langileek enpresaren jarrera salatu dute: "ez dago eskubiderik enpresa halako zigorgabetasunarekin ibiltzeko, badirudi haien egitekoa dela bidean topatzen duten langile,  hornitzaile eta banketxeei zorrak uztea. Justizia eskatzen dugu. Horiek bai direla benetako delinkuenteak".