Atzoko eta gaurko Extremadura kultur astean

Guaixe 2009ko urriaren 2a

Joan zen larunbatean mustu zuen La Encina Extremadurako elkarteak 2009ko kultur astea, Gazteen egunarekin. Igandera arte, adin eta gustu guztietako ekitaldi andana antolatu dituzte. Gaur, arratsaldeko 19:00etan eginen dute festa hasierako ekitaldia, Altsasuko Iortia kultur gunean. Isabel Blanco, estremadurar jatorriko idazle eta poetak emanen die hasiera festei. Ondoren, kontzertua eskainiko du Iruñeko Castilla-Leon Etxeko Celemin taldeak. Nafarroako jotak abestuko dituzte, besteak beste, kontzertu animatuan. Aldez aurretik hartu daitezke gonbidapenak aipatutako kultur gunean, lekua mugatua izanen da eta.Bihar eguerdian La Encina kultur zentroan emanen diete segida ospakizunei. Bazkari ederraren ostean, ohorezko damak aukeratuko dituzte lehen aldiz. Elkarteko kide, emazte edo alaben artean aukeratuko dituzten dama gazte eta helduak erakundea ordezkatuko dute urriaren 13an Iruñean eginen den desfilean. "Aurten Iruñeko Etxe Regionalen Federazioan sartu gara" azaldu digu La Encinako presidente Jesus Cidonchak, "eta hortik ohitura berri hau".Kultur astea agurtzeko, adinekoen eguna izanen dute igandean. Kirol erakustaldiarekin hasiko dute goiza. Ondoren, bazkaria izanen dute La Encina kultur zentroan, Carisma orkestrak alaituta. Elkarteko kiderik edadetuenak omenduko dituzte bertan: Maria Vital, 1932an Alcantaran (Caceres) jaioa eta 1951tik Altsasun bizi dena batetik, eta Aurelio Lucas, 1936an Piedras Albasen (Caceres) jaioa bestetik. Atzoko Extremadura erakusketanAsteartean ireki zituen ateak La Extremadura de antaño erakusketak, Altsasuko Gure Etxea eraikinean. Gaur iluntzera arte, arbasoen Extremadura gogora ekartzeko aukera izanen dugu. Jantziek, oheko arropak, sukaldeko tresnek, buztinezko ontzi eta pitxarrek aitona-amonen garaira eramango gaituzte. Extremaduratik ekarritako objektuekin osatu dute erakusketa.