Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean ezohiko bilkura egin zuen Altsasuko Udalak. Bertan, ogasuna, hirigintza eta besteak beste abeltzaintza gaiak izan zituzten hizketa-gai. Bukaeran hiru mozio onartu zituzten: Afganistanetik tropak erretiratzea (EB), Alain Berastegiri babesa ematekoa (A.Bengoetxea eta J.Goikoetxea), eta Isphording-eko langileek aurkeztutako idazkia. Ezker abertzaleko zinegotziek 2008ko Kontuen Espedientearen kontra bozkatu zuten: "Otai, Lezalde eta Dermao sektoreak etenda egotean, Kontuen Espedientea egoera kritikoan" dagoelako. Arantxa Bengoetxeak azaldu zuenez, hiru sektoreen artean milioi bat euroko diru-sarrerak eskuratzeko ditu Udalak. Hori dela eta, "berehalako esku-hartzea eskatzen du, izan ere Otairen kasuan epeak preskribatzeko zorian daude". Hirigintza Batzordearekin lehenbailehen bilera egitea eskatu zuten ekintzaileek. Azkenean, NaBai eta EBren aldeko botoekin onartu ziren 2008ko kontuak.Gaztelekua, Iñigo Aritza eta 0-3Zinegotzi guztien adostasunarekin onartu zuten Gaztelekua eraikitzeko enpresa hartzailea den Macrisfe enpresak La Guareñari ematea lana. Eta guztien adostasunarekin onartu zuten ere, Iñigo Aritzari bueltatzea Otadiako Kristoko 3. Sektoreko kontzesio administratiboaren espedientean utzitako 60.310 euroko bermea. Azkenik, 0-3 urte bitarteko zentroa eraikitzeko lanen kontratazio espedienteak guztien adostasunarekin onartu zen. Epeak agintzen dutenez, lanak azaroan esleitu beharko dira. Zentroa eraikitzeko gehienezko epea 16 hilabetekoa izanen da. PSN eta UPNko zinegotziek bilkura aretotik alde egin zuten Astearteko plenoa jendetsua izan zen: batetik, Isphordingeko langileak bertaratu ziren, eta bestetik, adierazpen askatasuna aldarrikatzen zuen talde bat. Azken horiek salatu nahi izan zuten abuztuaren 27an udalbatzak hartu zuen erabakia, zeinaren bitartez udal bilkuretan argazkiak edo grabazioak egiteko akreditazioa izatea ezinbestekoa den. Hala, erabaki horri erreferentzia eginez, "¿Dónde está la libertad de expresión?" zioten kartelak erakutsi zituzten. Plenoa hasi eta berehala, PSNko zinegotzi Mariano Garciak alkateari eskatu zion duen autoritatea erabiliz kartelak kenarazteko. Udal jarduerak aurrera jarraitu behar duela argudiatuz, alkateak kartelak kentzeko agindua eman zuen eta ohartarazi zuen bestela ateak itxita egin beharko zela. Baina, kartelak kendu ez zituztenez PSN eta UPNko zinegotziek alde egiteko erabakia hartu zuten. Ondoren, ezker abertzaleko zinegotziek ohartarazi zuten ateak itxita egiten bazen haiek joango zirela. Azkenean, alkateak gehiengoaren nahiaren baitan utzi zuen erabakia; eta legeak dioenari jarraituz, zuzeneko aipamen iraingarririk egiten ez zutenez, bilkura irekiarekin aurrera egitea onartu zuten. Bost zinegotzi ¬ - PSN hiruak eta UPNko biak - falta zirela egin zen bilkura.