PSNko zinegotziek batzordeburu izateari uko egin diote

Guaixe 2009ko urriaren 1a

Momentuz, NaBai eta EBak hartuko dituzte 3 batzordeen lehendakaritzak. NaBairen batzarrak hartuko du erabakiaPSNko zinegotziek eskabide baten bitartez aurkeztu zuten aurreko asteazkenean dimisioa: "azkeneko plenoan gertatutakoa gertatu eta gero, eta alkateak emandako erantzuna kontutan hartuta, ardura karguen dimisioa aurkezten dugu". Hala, Juan Miguel Pérez Hurtadok Hirigintza Batzordeko lehendakari izateari uko egin dio; Mª Jose Notariok Ongizate eta Emakumearen Batzordekoari; eta, Mariano Garcíak Antolakuntza eta Giza Baliabideen Batzordekoari.  Juan Miguel Pérez Hurtadok azaldu duenez, "Altsasuko Udalean ez dira gauzak ongi egiten ari, eta guk ez dugu horren parte izan nahi. Gure nahia da paktua haustea, baina Nafarroako arduradunen erabakiaren zain gaude. NaBai eta PSN elkarrekin gobernatzeko bateraezinak gara". Bitartean, NaBaik eta EBk hartuko dituzte PSNko zinegotziek utzitako ardurak. Izan ere, NaBaik asteazkenean emandako agerraldian, Unai Hualdek azaldu zuen "ardurak hartu nahi ez dituena" ezin dela gobernu batzordeko kide izan. "Lan egin eta ardurak hartzeko prest daudenean itzuli ahal izango dira" gaineratu zuen. Horrela, momentuz, NaBaiko lau zinegotziek eta EBko zinegotziak osatzen dute gobernu batzordea. Ostiralean NaBairen batzarra izanen da, eta bertan aztertuko da zinegotzi eta talde ezberdinek gobernagarritasunean parte hartzeko eman duten erantzuna eta duten gaitasuna. Unai Hualdek azaldu zuenez, "erabaki honekin argi gelditzen dena, bai Altsasun nola Nafarroako Gobernuan eta Parlamentuan, paktua berez UPN eta PSNren artekoa dela. Aspaldi apurtu zuten haiek NaBairekin hartutako konpromisoa, sistematikoki kontra eginez (aurrekontuen kontra bozkatuz, Guardia Zibilaren aurrean salaketa eginez....)". Alkatearen iritziz bilkuran PSNko zinegotziek argi utzi zuten "alfer eta ajolabaikoak" direla, gainera "herriari barre egiten diote eta zirku eta muntaiarekin estali nahi dute gaizki edo egin gabe utzi duten lana". Agerraldian azaldu zutenez, hirugarren aldia da PSNko zinegotziek karguak uzten dituztela: Jose Angel Agirrebengoa eta Camino Mendiluze alkate zirela berdin egin zuten.