Momentuz, aurrerapausorik ez Sunsundeguin

Guaixe 2009ko urriaren 1a

Enplegu kontseilariak egoera lehenbailehen bideratzeko interesa duela adierazi duLarunbatean manifestaldia deitu dute langileek Urretxun eta Ormaiztegin Sunsundeguiko langileek Urretxun eta Ormaiztegin manifestaldi bana egingo dute larunbatean "jabeei enpresa utz dezaten" eskatzeko. Asteartean, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariaren idatzia jaso zuten Sunsundeguiko langileek. Kontseilariak, Jose Maria Roig-ek, jakinarazi die enpresako zuzendaritza eta jabeekin bilera asko egin arren oraindik ez dutela akordiorik lortu. Kontseilariaren hitzak:"Sunsundeguik Sakanan duen garrantziarengatik, dituen langile kopuru handiarengatik eta teknologia aurreratuarengatik Nafarroako Gobernuaren nahia da enpresa aurrera ateratzea. Hala ere, nafar guztion dirua erabili ahal izateko, jabeek euren eskubide eta erabakitzeko gaitasuna galdu beharko lituzkete, baita zuzendaritzak ere; eta langileek batzordeari azaldutako baldintzak bete beharko lituzkete. Hori egin ezean, ez litzateke eraginkorra izango eta gizarteak kargu hartzeko modukoa izango litzateke nafar guztion dirua erabili izana laster batean krisian egongo den enpresa bati laguntzeko". Nafarroako Gobernuak gaiarekiko duen interesaren isla, kontseilariak oharrean gaineratzen du , Sunsundeguiko bezeroekin jarri direla harremanetan enpresa aurrera ateratzeko. Langileei adierazten die "egoera lehenbailehen bideratzeko interesa" duela eta "orain artean bezala informazioa gardentasunez emateko asmoa". Eta ohartarazten die Sodena eta Nafinco enpresa publikoak presionatzeko neurriek ez dutela Nafarroako Gobernuaren interesa piztuko eta bezeroengan urduritasuna sor dezaketela.  Langileak urduriBitartean, langileen egoera gero eta zailagoa da. Hiru soldataren atzerapena dute eta urduri daude. "Diru injekzioa lehenbailehen behar dugu produkzioa martxan jartzeko".